top of page

Xareko bi historiko - Iturbe vs Lopetegi- Gipuzkoako xare Txapelketako finalean.

Ostiralean, martxoak 18, 19:30ean jokatuko da Irurako Ametsa trinketean Gipuzkoako Xare Txapelketako Nagusiak mailako finala, Maiza-Lopetegi eta Iturbe I-Iturbe II bikoteen artean. Xarean erreferente izan diren Munduko bi xarelari onenetakoak, Iñax Iturbe eta Joxi Lopetegi, nor baino nor ikusteko aukera izango dugu ostiralean, Irurako Ametsa trinketean. Munduko txapeldunak biak ala biak, bai 22 urtez azpi mailan bai Nagusiak mailan. Eta horrez gain, xareko Nazioarteko Txapelketa, Torneo, Masters eta Ireki garrantsitsuenak irabazitakoak biak.

Joxi Lopetegi oraindik goi mailan jokatzen ari da, erreferente izaten jarraitzen du, eta Iñax Iturbek bereziki prestatu du txapelketa hau, bere semearekin jokatzeko aukera berezi honek izugarrizko ilusioa eta bere ametsetako bat betetzea suposatzen ziolako. Ikuskizuna bermatuta dago ostiralean,19:30ean, Ametsa trinketean, eta, gainera, herritarron errekonozimendua ere merezi dute, bai Iñaxek bai Joxik. Eman diezaiegun, bada !!!

Oier Maiza, gaztearekin jokatuko du Joxi Lopetegik, eta Oier, semearekin, Iñaxek. Bi gazte hauek ere indarrean datoz, eta xareko bi erreferente hauekin jokatzeak, ilusioaz gain, ikasgai ederra jasotzeko aukera ere emango die. Oier eta Joxi dira faborito txapelak janzteko, ligaxkako partida guztiak, Iñax eta Oierren kontrakoa izan ezik (40-35), erraz samar irabazi dituztelako, baina finaletara ailegatu eta jokatu egin behar izaten direla esan ohi da pilota munduan, eta Iñax eta Oier jokatzera aterako dira, seguru. Xareko partida eder baten atarian gaudela ez dago zalantzarik. Hortaz, badakizue, ostiralean, 19:30ean, Ametsan trinketean dugu hitzordua iruratarrok.



Comments


bottom of page