I. Gazteak Xare Irekian, Halsouet-Vila, Urruñako bikoak 40-21 irabazi dio Zabalegi-Mujika Ametsako bikoari. Hasera parekatua izan du partidak, baina urruñarrek berehala hartu dute aldea, eta estutasun handiegirik gabe garaipen erraza lortu dute. Urruñako bikoa oso ondo aritu da. Irurakoak, aldiz, ez du bere egunik onena izan. Hirugarren jardunaldian ezusteko handirik ematen ez bada, bi bikote hauek finalerdietarako sailkatuta daudela esan dezakegu.
Bigarren partidan, Ametsako Mendizabal-Heras bikoak 40-19 erraz mendean hartu du Francesena-Bonetbelche Hazparneko bikoa. Irurako bikoak hasieratik aldea hartu du, eta Mendizabalen nagusitasunari esker, alde hori gero eta handiagoa izan da, azken emaitzak argi erakusten duen moduan. Heras ere bere mailan, txukun aritu zen. Hazpandarrak ez ziren ondo aritu. Gainera, Trinkete berria izateak ere ez zien lagundu hazpandarrei. Multzo honetan ere esan dezakegu Ametsako Mendizabal-Heras eta Maiza-Iturbe bikoak finalerdietarako sailkatuta daudela, azken jardunaldiko partidan ezusteko handirik ematen ez bada behintzat.
III. San Migel Xare Irekiko bigarren multzoko lehen bi postuak ere erabakita geratu da. Larronde-Etxebest bikoak 40-39 irabazi dio Etxeberri-Karrikaburu bikoari partida estu eta gorabeheratsu bat jokatu eta gero. Etxeberri-Karrikaburu bikoak sailkatzeko aukera izateko, partida irabazi beharra zeukan, aurreko partida galtzetik zetorrelako. Eta, helburua lortzetik gertu ibili ziren; partida osoan aurretik izan ziren, alde nabarmenak (20-25/21-31/23-33) lortuz, gainera. Baina partidaren azken hamarkadan Larronde-Etxebest bikoak 34-38 hurbiltzea lortu zuen, eta hurrengo tantoan, zorigaiztoko jokaldia beraientzat; Etxeberrik min hartu zuen belaunean. Karrikaburuk, Etxeberri kantxan bazen ere, bakarrik jokatu zituen azken tantoak, eta irabazteko aukera ere izan zuen, 38-39 aurretik izan zirelako, baina azkenean 40-39 galdu zuten partida. Ondorioz, galtzaileak txapelketatik kanpo, eta irabazleak, Larronde-Etxebest eta Lopetegi-Petrisans bikoak sailkatu dira finalerdietarako. Multzoko 1. eta 2. postuak elkarren aurkako hurrengo partidan erabakiko da.
Jokatzekoa zen bigarren partida, Apeztegia-Moncada/ Borteyru anaiak, ez zen jokatu, Mati Borteyru gaztea gaixorik zegoelako, eta, ondo bidean, oraindik erabaki gabe dagoen aste honetako egun batean jokatuko da.
Comments