top of page

VI. San Migel Xare Irekiaren finalerdiak erabakita!

Updated: Sep 16

Larunbat arratsalde bikaina pasa genuen Irurako Ametsa trinketean bildu ginenok. Lau partida ziren jokatzekoak, baina hiru baino ez ziren jokatu; I. San Migel Xare Ireki Mixtokoa, bata, eta VI. San Migel Xare Irekikoak, beste biak.

Jaialdiko lehena, Xare Ireki Mixtokoa, Martina Flores-Izei Garmendia, eta Adei Gibelalde-Paule Fernandezen artekoa  izan zen, eta ikusgarria izan zen, bete-betekoa; adin horretako neska-mutikoek zenbat jokatzen duten ikustea pozgarria da benetan.

Adei eta Paule, 30. tantura arte, alde txikiekin izan bazen ere, aurretik izan ziren markagailuan;  Martinak eta Izeik 30na berdintzea lortu zutenean,  Adei eta Paule behera etorri ziren, eta  Martinak eta Izeik  azken  bost tantuak erreskan  egin zituzten, 35-30 partida irabaziz. 

Segidan, VI. San Migel Xare Irekikoen txanda izan zen. Azken jardunaldia zen,  eta bertan ligaxkako sailkapena eta finalerdiak jokoan zeuden. 

Lehen partidan,  Halsouet-Mujika bikoak 40-27 irabazi zion Mendizabal-Erro bikoari. Irabazleek, Oxanek eta Markelek, aurrea hartu zuten haseratik, eta Matxalenek eta Josebak, saiatu baziren ere, ezin izan zioten Oxanen eta Markelen joko  erauntsiari aurre egin. Oxan Halsouet, urruñarrak, erakustaldia eman zuen;   laukoteko pilotaririk onena izan zen zalantzarik gabe; mutiko honek jokaldi zailak diruditen jokaldiak errazak bihurtzen ditu, eta, horrez gainera, ezkerra izanik, eskuinarekin ere  tantu ikusgarriak egin ditu. Emaitza honekin, hurrengo partidaren emaitzak erabakiko zuen ligaxkako sailkapena; Ondarts-Lafarge eta Zabalegi-Cassaing ziren aurrez aurre. Julen Zabalegik eta Clement Cassaingek irabazi beharra zeukaten multzoko lehenak izateko,  eta galtza bete lan izan bazuten ere, ozta-ozta, tantu bakar batez(40-39)  irabazi egin zuten,  eta, ondorioz, multzoko lehenak geratu dira. Partida hau ere ikusgarria izan zen, eta lau pilotariak bikain aritu ziren, bai erasoan bai defentsan, tantu zirarragarriak eta ikusgarriak eskainiz. 

Emaitza honekin, arestian esan bezala, Julen Zabalegi eta Clement Cassaing multzoko lehenak geratu dira; Oxan Halsouet eta Markel Mujika bigarrenak; Matxalen Mendizabal eta Joseba Erro hirugarrenak eta Hodei Ondarts eta Jon Lafarge laugarrenak. 

Ondorioz, finalerdiak, irailaren 20an, ostirala, 19:00etan, Ametsa trinketean, honela geratu dira:

1. Zabalegi-Cassaing vs Ondarts-Lafarge

2. Halsouet-Mujika vs Mendizabal-Erro


 


Comments


bottom of page