top of page

Urruñan eta Iruran jokatuko dira Iparraldeko ligako jardunaldiko partida erabakiorrak

Updated: Dec 2, 2021


Larunbatean, 10:00etan, Urruñako trinketean Gaztetxoen mailako final laurdena jokatuko dute Ametsako, Ibai Larrañaga eta Aimar Herasek, Goizeko Izarrako Moutroustegi-Ahado bikoaren kontra. Irurarrak dira faborito, ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten partida erraz irabazi zutelako, baina konfidatu gabe jokatu beharko dute, badaezpada ere. Irabazlea finalerdietarako sailkatuko da.

Segidan, Urruñarrak taldeko Oxan Halsouet eta Jakes Vilak, Ametsako Julen Zabalegi eta Markel Mujikaren kontra jokatuko dute. Partida hau ligaxkako azkena izango da, eta irabazleak multzoko lehen postua lortuko du. Hala ere, biak finalerdietarako saikatuta daude. Partida estua eta lehiatua aurreikusten da, etxekoak zertxobait faborito badira ere.

Larunbat arratsaldean, Gazteak mailan, 16:00etan, Ametsako, Matxalen Mendizabal eta Gorka Huitzik, Noizbait taldeko Larre-Morvan bikoaren kontra jokatuko dute. Hauek ere ligaxkako azken partida jokatuko dute, eta Matxalen eta Gorkak irabazi eta beste emaitzen zain geratu beharko dute, finalerdietarako sailkapena lortzea ez baitago heuren esku. Segidan, Ametsako Iker Isasa eta Oier Iturbek Noizbait taldeko bikote beraren kontra jokatuko dute. Hauek ere derrigor irabazi eta beste emaitzen zain geratu beharko dute finalerdietan sartzeko aukerarik izan nahi badute. Ea bietakoren batek lortzen duen finalerdietan sartzea, biek ezinezkoa dutelako.


Comments


bottom of page