top of page

Hasera txarra Iparraldeko Ligari!


Asteazkenean eman zioten hasera Ametsako pilotariek, 2. mailakoak izan ezik, Iparraldeko 24-25 Neguko Xare Txapelketari.  Gaztetxoen mailan,  Izei Garmendia eta Ur Aristi izan ziren jokatzen lehenak; partidaren azken hamarkada arte, partida txukun bat ikusi ahal izan genuen, baina  azken zatian Izei eta Urrek zertxobait behera egin zuten, eta   31-40 galde zuten partida Goizeko Izarrako Larramendi-Laskoiti bikoaren kontra. 

Ostiralean, Gazteen  txanda izan zen;  Unai Gibelaldek eta Oier Garmendiak Hardoytarrak taldeko Ondarts- Boutoille bikoaren kontra jokatu zuten.  

Lehiakor eta etsi gabe aritu ziren irurarrak,  baina Hodei Ondartsen sakearen  eta joaren aurrean ezin izan zuten askoz gehiago  egin, eta 33-40 galdu zuten.

Larunbat arratsaldean, Junior mailan, Xuban Lopetegik eta Aitor Aristik Angelun, Hardoytarrak taldeko Ondarts-Lafarge  bikoaren kontra jokatu zuten. Joxi Lopetegiren iritziz, nagusi izan ziren angeluarrak, eta 40-18 irabazi zieten Xubani eta Aitorri.   

Igande goizean, Gazteekin hasi ginen Ametsa trinketean;  Ander Mujika eta Ibai Larrañaga partidaren azken  hamarkada arte urruñarrak baino  gehiago izan ziren,   eta partidaren azken tantuetara  alde handiarekin (34-25) iritsi ziren Ander eta Ibai,  baina ez zuten partida ixten asmatu; urruñarrek,  pixkanaka-pixkanaka, markagailuan hurbiltzea eta Ander eta Ibai urduri jartzea lortu zuten;  azkenean, Ostiz-Etxeberria urruñako bikoak 38-40 irabazi zuen partida.

Segidan, Matxalen Mendizabalek eta Oier Iturbek,   Hardoytarrak taldeko Oxan Halsouet eta Jon Lafargeren kontra jokatu zuten.   Angeluarrek biko indartsua osatzen dute, eta  irurarrek ezin izan zioten euren  joko erauntsiari  eutsi. Horrez gain, ez zen Matxalenen eta Oierren egunik onena izan, eta, ondorioz, Oxanek eta Jonek, (24-40) garaipen erraza lortu zuten. 

Jardunaldiko azken partidan, Eneko Larrañagak eta Mikel Satrustegik 10-40 galdu zuten Hardoytarrak taldeko Mundubeltz-Lascubet bikoaren kontra. Honetan ere, emaitzak argi erakusten duen modura,  gehiago izan ziren angeluarrak, eta  ezer gutxi egin ahal izan zuten Enekok eta Mikelek. 

Garbi dago ez dela asteburu ona izan Ametsako pilotarientzat. Orain, burua altxa, entrenatzen jarraitu eta hurrengo jardunaldia buru- belarri prestatzeari  ekitea baino ez da geratzen. Animo!!!


コメント


bottom of page