Halsouet-Mujika eta Mendizabal-Erro, VI. San Migel Xare Irekian, eta Flores-Garmendia II eta Gibelalde III-Fernandez, I. San Migel Xare Ireki Mixtoan, izan dira lehen irabazleak.
Ostiralean, VI. San Migel Xare Irekian, Oxan Halsouet eta Markel Mujika bikoak 40-28 irabazi zion Hodei Ondarts eta Jon Lafarge bikoari. Hasera-haseratik Oxanek eta Markelek abantaila hartu zuten markagailuan, baina Hodeik eta Jonek 26na berdintzea lortu zuten, joku bolada on bat egin ondoren. Dirudienez, berdinketa lortzeko, Hodeik eta Jonek ahalegin handi samarra egin eta hustu, akitu egin ziren. Hori dela eta, Oxanek eta Markelek 12-0 partziala eginda
(38-26), partida erabakita utzi zuten. Pena izan zen, Hodeik eta Jonek zailena egin eta gero, ordura arte egindako joku onari eustea ez zutelako lortu.
Bigarren partida estuagoa eta lehiatuagoa izan zen, eta azken unera arte ez zen erabaki; Mendizabal-Erro bikoak 40-38 irabazi zion Zabalegi-Cassaing bikoari. Partida bikaina jokatu zuten lau pilotariek, eta partida oso parekatua izan zen, berdinketa ugarirekin. Azken unean Matxalen eta Joseba 38-34 aurreratu ziren, eta bazirudien erabakita zegoela partida, baina 38na berdintzea lortu zuten Julenek eta Clementek; azken bi kintze erabakigarriak bikain jokatu zituzten lau pilotariek, baina Matxalen eta Josebaren markagailura igo ziren, eta 40-38 irabazi zuten partida.
Larunbatean, I. San Migel Xare Ireki Mistoaren txanda izan zen. Lehen partidan, Martina Floresek eta Izei Garmendiak 35-18 irabazi zieten Alaine Larrarte eta Eneko Larrañagari. Partida hasera orekatu samarra izan zen, baina berehala Martinak eta Izeik markagailuan aldea hartu, eta garaipen erraza lortu zuten.
Bigarren partidan, Adei Gibelaldek eta Paule Fernandezek 35-32 irabazi zieten Sara Agirre eta Ur Aristiri. Gorabehera handiko oso partida ona izan zen, eta azken unera arte ez zen erabaki. Estu eta larri hartu zituzten Sarak eta Urrek, Adei eta Paule; hauek, partida zail ikusi zuten, eta buelta emate aldera, postuz aldatzea erabaki zuten, Paule, aurrera pasa, eta Adei, atzera; eta asmatu egin zuten, partidari buelta ematea eta irabaztea lortu zutelako.
Amaitzeko, datorren asteburuan, ostiralean eta larunbatean, bigarren jardunaldia izango dugula jokoan gogorarazi, besterik ez.
Comments