top of page

Unai Gibelalde-Ibai Larrañaga eta Xuban Lopetegi-Aimar Heras, finalera! 


Datorren larunbat arratsaldean, abenduaren 23an, Urruñan, Iparraldeko 23-24 Neguko Xare Txapelketaren finalak izango dira.

Irurako Ametsa Pilota Elkarteko Gibelalde-Larrañaga(Gaztetxoak) eta Lopetegi-Heras (Gazteak), finalean izango dira. 

Horiez gain,   1. Mailan, Joxi Lopetegi ere,  finalean izango da,   Mikel Funosasekin.

Finalerdiak jokatu dira asteburuan, eta lehen hitzordua, ostiral arratsaldean, Ametsako Oier Garmendia-Ander Calonge eta Unai Gibelalde-Ibai Larrañaga Gaztetxoen arteko derbia izan genuen Ametsa trinketean.  

Derbiaren  atarikoan, Unaik eta Ibaik,  azken partidetan,  jokoan gora egin zutela, eta Oier eta Ander faborito baziren ere, euren mailarik onena  eman beharko zutela partida irabazi nahi bazuten nioen.  Eta hara non, Unaik eta Ibaik, azkenaldiko mailari eusteaz gain,  hobetu ere egin zuten ostiraleko partidan, eta Txapelketa guztiko partidarik onena jokatu zuten;  Oierrek  eta Anderrek ere ez zuten gaizki jokatu, baina   beren  mailarik onena eman ezinik ibili  ziren partida osoan; hala ere, azken zatian tantu bakar batera (33-34) hurbiltzea lortu zuten Oierrek eta Anderrek, baina hortxe, atarian,  geratu ziren, eta, azkenean,   Unaik eta Ibaik 35-40 irabazi eta finalerako txartela lortu zuten.

Zorionak lauroi, Unai eta Ibairi bereziki, baina, baita Oier eta Anderri ere, egin duzuen Txapelketa bikainagatik. Orain Txapelak Irurara ekartzea baino ez zaizue falta.

Asteburuko beste hitzordua, igande arratsaldean Urruñan geneukan. Han,  Xuban Lopetegik eta Aimar Herasek 40-33 mendean hartu zituzten Larre eta Bonetbelche hazpandarrak.  Partidaren lehen  erdia  parekatua izan zen, eta Xuban eta Aimar aldea ireki ezinik ibili ziren.  Bigarren zatiaren haseran, ordea, 4-5 tantuko zulotxoa egitea lortu zuten,  eta azken hamarkadara,  9  tantuko (30-21 )aldearekin iritsi ziren, eta  Xubanek eta Aimarrek alde hori   ondo kudeatzea lortu zuten  partidaren amaierara  arte, finala jokatzeko txartela lortuz.

Zorionak Xuban eta Aimarri ere! 

Eta, orain, zuei ere azken urratsa baino ez zaizue falta; txapelak Irurara ekartzea.

Animo:



Comments


bottom of page