Bete-beteko xareko asteburua bizi izan dugu xarea maite dugun irurarrok.
Ostiral iluntzean eman genion hasera asteburuko xarearen maratoiari, Ametsa trinketean Gazteak mailako Udaberriko Xare Txapelketaren finalarekin.
Oier Garmendiak eta Xuban Lopetegik, Ander Mujika eta Aimar Herasen kontra jokatu zuten. Kontatu didatenez, elkarren kontra jokatu zuten ligaxkako lehen partida ondo aztertua ekarri zuten Oierrek eta Xubanek, eta aurkarien ahuldadeak ondo baino hobeto baliatu
zituzten ostiraleko finalean. Horregatik, eta, gainera, Anderrek eta Aimarrek bere egunik onena izan ez zutenez, erraz samar, 40-29 nagusitu ziren Oier eta Xuban.
Larunbat goizean, Gasteizko Maitena trinketean izan zuen jarraipena xareko maratoiak, Herrialdeka jokatzen den GRABNI Txapelketako finalekin.
Nagusien mailan, Joxi Lopetegik eta Oier Iturbek, Gipuzkoa ordezkatuz, 40-24 irabazi zieten Andoni Castera eta Salbat Duperou Iparraldeko ordezkariei. Haseran, Oierri trinkete berrira egokitzea tantu batzuk kosta zitzaion, baina honek kantxan bere lekua hartu eta tantuari eustea lortzen hasi zenean, Joxi nagusitzen hasi zen jokoan, eta tantuak bat bestearen atzetik erreskaran egiten hasi, eta partida eroso samar irabaztea lortu zuten, emaitzak erakusten duen moduan.
Segidan, jubenil mailan, Matxalen Mendizabal eta Aimar Heras izan ziren Gipuzkoako ordezkariak, eta Paul-Ortiz eta Cassaing, Iparraldeko bikoaren aurka jokatu zuten Matxalenek eta Herasek partida on bat jokatu zuten, eta 40-34 mendean hartu zituzten iparraldeko ordezkariak. Aimar bikain aritu zen, bai defentsan bai erasoan, eta Matxalen, erasoan hain ondo aritu ez bazen ere, defentsan, Aimarri zail zetozkion pilota asko kenduz bikain aritu zen.
Larunbat arratsaldean, berriro Iruran, jarraitu genuen xarearen maratoiarekin.
Gaztetxoen mailako bi final genituen jokoan; lehen finalean, Sara Agirrek eta Ur Aristik 35-21 irabazi zieten Maren Jauregi eta Alaine Larrarteri. Ur Aristik nahieran jokatu zuen, atzetik tantoa menperatuz, eta Sararen laguntzarekin, partida osoa kontrolpean izan zuten, azkenean garaipen lasaia lortuz. Maren eta Alaine saiatu ziren, baina sarritan gertatzen da, finaletan ez dela norbearen onena ematen, eta Alainek eta Marenek ez zuten euren egunik onena izan, eta, ondorioz, ezin izan zuten ezer egin.
Maratoiari amaiera emateko, Gaztetxoen mailako bigarren finala genuen jokoan. Haseratik ikusi zen bi bikoak buru-belarri sartu zirela partidan, eta honek eragina izan zuen partidaren bilakaeran. Partida osoa pare-parean eraman zuten bi bikoek, eta berdinketa ugari eman ziren markagailuan, eta denok susmatzen genuena gertatu zen, 34nako berdinketa eman zen. Azken tantua Xuban Zubeldia Nietok eta Izei Garmendiak egin zuten, eta 35-34 irabazi zieten Adei Gibelalderi eta Mikel Satrustegiri. Ikusgarri jokatu zuten lau pilotariek, eta izugarri gozatu genuen trinketean bildu ginen zaleok. Hala ere, kasu horietan, beste batzuei sufritzea ere tokatu zitzaien, baina amaieran denok pozik amaitu genuen gaztetxo hauek eskaini ziguten ikuskizunarekin.
Maratoiari amaiera emateko sari banaketa izan genuen. Bertan, Idoia eta Olaia, Udal ordezkariak, Nerea, SMGko ordezkaria eta Ametsako ordezkariak izan ziren.
Comments