Larunbatean, irailaren 28an, 11:30ean hasita, jokatuko dira Ametsa trinketean San Migel Xare Irekien finalak.
Lehen finala(11:30ean), I. San Migel Xare Ireki Mistokoa izango da. Pilotari hauek gaztetxoak dira, eta erakusten ari diren xare joku maila, harrigarria da. Horrez gain, gaztetxoak izanagatik, plaza gizon-emakume ere badira. Merezi du larunbatean trinketera hurbildu eta euren joko zoragarriarekin gozatzea.
Sara Agirre-Izei Garmendia bikoak, Adei Gibelalde-Paule Fernandez bikoaren kontra arituko dira. Martina Flores izan da Izei Garmendiaren bikote laguna txapelketa osoan, baina finalaren egunean Iruran egongo ez denez, Sara Agirrek jokatuko du bere ordez. Ligaxkakoan Martinak eta Izeik irabazi zuten(35-30), baina partida osoan, 30. tantura arte, atzetik ibilita; Sarak, Martinaren antzeko maila du, eta hori dela eta, final irekia, faborito argirik gabea izatea aurreikusten da. Hortaz, lau pilotariek orduko jokoa errepikatzea, eta xareko partida eder bat ikustea espero dut.
VI. San Migel Xare Irekian, berriz, Zabalegi-Cassaing eta Halsouet-Mujika arituko dira nor baino nor. Hemen ere ez dago faborito argirik; ligaxkan Julen Zabalegik eta Clement Cassaingek irabazi zuten(40-36), baina ordutik hona Oxan Halsouetek eta Markel Mujikak euren jokoan gora egin dute. Gainera, Oxanek, maila honetan jokatu diren hiru San Migel Xare Irekiak, lagun desberdinekin, irabaziak ditu. Hala ere, Julenek eta Clementek ez dizkiete gauzak erraz jarriko, eta partida on, lehiatu eta irekia izatea aurreikusten da.
Hortaz, xareaz gozatu nahi izanez gero, larunbatean, 11:30ean, Irurako Ametsa trinketean espero zaituztegu.
Eta, hori bai, onenek irabaz dezatela!
留言