top of page

San Migel Xare Irekien txapeldunak erabakita!



Larrarte-Fernandez, Halsouet-Lopetegi eta Etxeberri-Funosas bikoek jantzi zituzten, hurrenez hurren, Gaztetxoak, Gazteak eta Nagusien mailako San Migel Xare Irekien txapelak.

Gaztetxoen mailan, Alaine Larrartek eta Paule Fernandezek 30-14 irabazi zieten Irati Zabala eta Martina Floresi. Markagailuak erakusten duen moduan, Alaine eta Paule, azken hau batez ere, gehiago izan ziren, eta ondo jokatuz eta arerioek baino huts gutxiago eginda, aldea egin zuten hasera-haseratik. Ondorioz, eroso aritu ziren Alaine eta Paule; Irati eta Martina saiatu baziren ere, ezin izan zuten gehiagorik egin.

Gazteak mailako finalean, Oxan Halsouetek eta Xuban Lopetegik 40-31 hartu zituzten mendean Unai Telletxea eta Oier Iturbe. Partida honetan ere, Unaik eta Oierrek haseran markagailuan eustea lortu bazuten ere, bigarren hamarkadarako zulo handi samarra (20-12) ireki zuten Oxanek eta Xubanek, eta hortik aurrera partidak ez zuen gorabehera handiegirik izan. Oxanek, bere joku ikusgarria egiten jarraitu zuen, aukera zuenean, tantuak erraz amaituz, eta Xubanek oso seguru jokatzen jarraitu zuen, eta, nagusi zirenez, aukera zuenean, hau ere erasora pasatzera ausartu zen, eta tantu onak egin zituen. Unai eta Oier partida osoan dominatuak, pilotaren atzetik ibili ziren, eta ezin izan zuten ia inoiz erasora pasatzerik izan; horretarako aukera izan zutenean, ohi baino huts gehiago egin zituzten, eta ezin izan zituzten Oxan eta Xuban estu hartu. Azkenean, Oxanek eta Xubanek 40-31, merezimendu osoz, irabazi zieten Unairi eta Oierri.

Nagusien mailako partida, Sebas Etxeberrik eta Mikel Funosasek 40-35 irabazi zieten Jon Larronde eta Sebas Moncadari. Partida berdindua, lehiatua eta ikusgarria izatea aurreikusten zen, eta halaxe izan zen; lau pilotariak buru-belarri aritu ziren eta euren jokurik onena eskaini,, asko gozatu genuen Ametsa trinketean bildutako ikuslego guztiak. Partida berdindua joan zen azken hamarkada atariraino; 25,26 eta 27na berdinketak eman ziren, eta hemendik aurrera, Sebas Etxeberrik eta Mikel Funosasek lau tantuko aldea(31-27) hartu zuten, eta alde horri amaiera arte ondo eutsi zioten, 40-35 irabaztea lortuz. Arestian esan moduan, lau pilotariak bikain aritu ziren; denek joku maila bikainean daudela erakutsiz. Hala ere, norbait nabarmentzekotan, besteei ezer kendu barik, Mikel Funosas, gibeleko irabazlearen joku ikusgarria eta nekaezina, eta Jon Larronde, aintzineko galtzailearen fintasuna eta eraginkortasuna nabarmenduko nituzke.

Sari banaketarekin eman zitzn amaiera finalei. Gorka Murua, Irurako alkatea, Idoia Garaialde Kultura eta Kirol zinegotzia, Jose Ramon Arruabarrena, SMG entrepresako arduraduna eta Iñax Iturbe eta Markel Mujika, Ametsa Pilota Elkarteko ordezkariak izan ziren bertan.

Amaitzeko, eskerrak eman San Migel Xare Ireki hauetan laguntza eman diguzuen guztioi, eta datorren urtera arte.



Comments


bottom of page