San Migel Xare Irekien finalerdiak jokatuko dira ostiralean, 19:00etan hasita, Irurako Ametsa trinketean.
III. Gazteak mailako finalerdia, Unai Telletxeak eta Oier Iturbek, Oier Garmendia, eta Markel Mujikaren kontra jokatuko dute. Matxalen Mendizabal ez da osatu ligaxkako partida batean izandako lesiotik, eta bere ordezkoa, oraingoan ere, Oier Garmendia izango da.
Unai Telletxea eta Oier Iturbe izango dira faborito, bikote bezala gehiago direlako. Oier Garmendia, pilotari fina izan arren, oraindik maila honetako abiaduran jokatzen ohitu gabe dago, eta gehienetan pilotaren atzetik ibili beharko du. Unaik eta Oierrek, azken honek batez ere, beste abiadura bat ematen diote pilotari. Markel Mujikak bere mailarik onena ematen badu, eta arerioek euren maila ematen ez badute, aukera txikiren bat izan dezakete partida irabazteko.
Nagusien mailako, V. San Migel Xare Irekiko finalerdia, berriz, Joxi Lopetegik eta Joel Sistiagek -Andoni Casteraren ordez - Jon Larronde eta Sebas Moncadaren kontra jokatuko dute.
Joel Sistiagek jokatuko du Andoni Casteraren ordez; larunbatean, Frantzia -España bat jokatuko dela eta, Frantziarekin jokatzeko hautatua izan da Andoni, eta Frantziako hautatzaileak ez dio utzi Andoniri ostiraleko partida jokatzen. Bere ordez Joel Sistiagek jokatuko du. Xareko atzelari fina, teknika handikoa, eta azken urteetan goi-mailan ari den eskarmentu handiko pilotaria izango da Joxiren bikotekide berria; ordezko bikotekide ona Joxiretzat. Hala ere, partida irekita dago, eta ez dago faborito argirik; Jonek eta Sebasek bikote bikaina osatzeaz gain, ligaxkako azken partidan, ongi baino hobeto erakutsi zuten edozeini irabazteko gai direla. Hortaz, baldintza guztiak ematen dira, xare partida ikusgarri bat ikusteko aukera izatea.
Ostiralean, txupina eta gero, trinketean espero zaituztegu.
Onenek irabaz dezatela!
Commentaires