top of page

San Migel Xare Irekien finalak, erabakita!

Updated: Sep 23


Zabalegi-Cassaing vs. Halsouet-Mujika,  VI. Xare Irekian, eta Flores-Garmendia II vs. Fernandez-Gibelalde II,  I. Xare Ireki Mistoan.  

Ostiralean,  VI. San Migel Xare Irekiaren lehen finalerdian,  Zabalegi-Cassaing bikoak , 40-23 irabazi zion Ondarts -Barneix bikoari.  Iban Barneixi (Jon Lafargeren ordez) kosta egin zitzaion kantxara egokitzea, eta, konturatzerako, markagailuan 12-1 aurrea hartu zuten  Julenek eta Clementek.  Hodeik  eta Ibanek ez zuten etsi, eta euren jokoa zertxobait hobetuz, estu samar hartzea eta markagailuan hurbiltzea (20-15) ere lortu zuten partidaren erdialdera, baina  Julen eta Clement ez ziren urduri jarri, eta  haserako joku onera itzulita,  azkenean, garaipen erraza lortu zuten,  finalerako  txartela lortuz.   

Bigarren finalerdiak, lehen finalerdiak ez bezala,  aho sapore gozoarekin utzi gintuen,  trinketean bildu ginenok.  

Zail zeukaten  Mendizabal- Erro bikoak, ligaxkan,  Halsouet-Mujika bikoaren kontrakoan,  erraz samar  galdu zutelako,   baina pilota borobila dela esan ohi da,  eta  oraingo honetan ere  esaerak ez zuen hutsik egin. 

Lau pilotariak serio demonio sartu ziren kantxara, eta  markagailua, partidaren azken hamarkada arte,  pare-parean joan zen, berdinketa askorekin,   inork ez zuen amore eman nahi eta.  Azken hamarkadan,  bi bikoteek partida  irabazita eta  galduta ere eduki zuten; 

Matxalen eta Joseba 31-34 aurreratu ziren;  gero, Oxanek eta Markelek 38-34 aurrea hartzea lortu zuten; berriro, Matxalen eta Joseba,  38-39 aurreratu ziren, eta, azkenean, Oxanek eta Markelek azken bi tantuak egin zituzten, eta 40-39 irabazi zuten bigarren finalerdia. Ondorioz, hauek ere finalerako  txartela lortu zuten. 

Igande arratsaldean, oso giro onarekin, I. San Migel Xare Ireki Mistoaren finalerdiak jokatu ziren. 

Lehen finalerdian, Martina Flores eta Izei Garmendia bikoak  35-21 irabazi zion Alaine Larrarte- Eneko Larrañaga bikoari. Martina eta Izei faboritoak ziren, eta ez zuten hutsik egin; berehala hartu zuten aldea markagailuan, eta Alaine eta Eneko saiatu baziren ere, ezin izan zuten  Martina eta, batez ere, Izeiren nagusitasunarekin. 

Bigarren partidan, Adei Gibelalde-Paule Fernandez bikoak 35-26 irabazi zion Sara Agirre-Ur Aristi bikoari. Partida hau lehena baino lehiatuagoa izan zen, baina Adeik eta Paulek haseratik aldea egin zuten markagailuan, eta  eroso samar irabazi zuten euren  finalerdia. 

Gazte eta gaztetxo hauek  xarez zein ondo  jokatzen duten ikusteak  poza ematen du,   eta    egun batean baino gehiagotan harrituta ere  utzi gaituzte erakutsi duten mailarekin.  Zorionak denoi, bai  finaletara sailkatu zaretenoi, bai kanpoan geratu zaretenoi. 

Jarraitu xarez jokatzen!


ความคิดเห็น


bottom of page