Telletxea-Iturbe, Gazte mailan, eta Larronde-Moncada Nagusi mailan izango dira San Migel Xare Irekien beste finalistak.
Unai Telletxeak eta Oier Iturbek galtza bete lan izan zuten Oier Garmendia eta Markel Mujika mendean hartzeko. Azken unera arte ez zen partida erabaki, eta azkenean faborito ziren Unaik eta Oier Iturbek, ozta-ozta, 40-38 irabazi zieten Oier Garmendia eta Markeli.
Partida osoan aurretik izan ziren Unai eta Oier Iturbe, baina inoiz ez zuten alde erabakigarririk lortu; Oier Garmendiak eta Markel Mujikak ez zuten inoiz etsi, eta azken hamarkadan, 35na eta 36na berdintzea eta tantu bakarrera (38-37/39-38) hurbiltzea ere lortu zuten, baina azkenean garaipenaren atarian geratu ziren.
Pilotarien lanari buruz, Markel Mujikak oso partida ona jokatu zuen, bai teknikoki bai fisikoki; Oier Garmendia gaztetxoa ere, bere mailan, ligaxkako partidan baino hobeto aritu zen finalerdian; oraingoz ezin zaio gehiago eskatu. Irabazleak ondo aritu baziren ere, ohi baino huts gehiago egin zituzten, eta urduritasun apur bat nabaritu zitzaien, bai Unairi eta baita Oierri ere, partida hautsi nahi, eta ezinean aurkitu zirenean. Lasaitasun ederra hartu zuten azken tantua egin zutenean.
Ondorioz, datorren larunbatean Oxan Halsouet eta Xuban Lopetegiren kontra jokatuko dute III. Gazteak San Migel Xare Irekiaren finala.
Nagusien mailako partida ez zen espero eta iragarri nuen bezain ona atera; tantu ikusgarriak ikusi baziren ere, joko onak ez zuen jarraipenik izan, eta Jon Larrondek eta Sebas Moncadak 40-25 erraz nagusitu zitzaizkien Joxi Lopetegi eta Andoni Casterari. Honek, ez zuela jokatuko, eta bere ordez Joel Sistiagek jokatuko zuela iragarri genuen, baina azken orduan jokatzeko baimena lortu omen zuen, eta finalerdia jokatu ahal izan zuen Joxirekin.
Hasera parekatsua izan bazen ere, partidak aurrera egin ahala, Jon eta Sebas aldea egiten hasi ziren, eta partida erdira, hamar tanturen aldearekin (20-10) iritsi ziren. Hemendik amaiera arte, Joxi eta Andoni, gogotik saiatu baziren ere, Jon ikusgarri batekin eta Sebas seguru batekin topo egin zuten, eta ez zuten lortu aldea murrizterik eta Jon eta Sebas estutzerik; hauek, bitartean, bikain jokatzen jarraitu zuten, eta azkenean nagusitasun osoz, 40-25 irabazi zuten finalerdia. Hortaz, datorren larunbatean, Jon Larrondek eta Sebas Moncadak, Sebas Etxeberri eta Mikel Funosasen kontra jokatuko dute V. San Migel Xare Irekiraren final handia.
Esan bezala, San Migel Xare Irekien finalak, irailaren 30ean, larunbatean, 11:30ean hasita, jokatuko dira Irurako Ametsa trinketean.
Comments