Aste honetan IV. Ametsa Pilota Xare Txapelketan eman diren emaitza batzuekin, maila ezberdinetako sailkapen batzuk erabakitzen hasiak dira.
Gazteak mailan, Oier Garmendiak eta Ander Mujikak jokatu dituzten bi partidak (2-0/2-0) galdu egin dituzte. Ondorioz, multzoko hirugarren geratuko dira, eta zuzenean finalean sartzeko aukerarik gabe geratu dira; finalerdia jokatu beharko dute.
Unai Gibelalde-Ibai Larrañaga eta Enaitz Irazusta-Ander Calonge bikoen arteko partidaren galtzailea izango dute aurkari; irabazleak, berriz, sari potoloa jasoko du, zuzenean finalerako sailkatuko baita.
Gaztetxoak mailan, Adei Gibelalde-Alaine Larrarte bikoak ere jokatu dituen bi partidak (2-0/2-0) galdu egin ditu, eta, ondorioz, txapelketatik kanporatuak geratu dira. Euren multzoko hirugarren geratuko direlako.
Multzo honetan Irati Zabala-Xuban Zubeldiak eta Eneko Larrañaga-Mikel Satrustegik jokatuko duten partidan irabazlea multzoko lehena izango da, eta galtzailea bigarren geratuko da. Beste multzoan, oraindik ezer erabaki gabe dago; Izei Garmendia-Sara Agirre eta Paule Fernandez-Maren Jauregi bikoak partida bana irabazita daude, eta Martina Flores-Ur Aristi bikoak Izei Garmendia-Sara Agirre bikoari azken partidan irabazten badio, hiruko berdinketa emango da. Hori ematen bada, tanteoari begiratu beharko diogu sailkapena finkatzeko.
Jubenil mailako, buruz burukoan ere, oraindik sailkapenean ezer erabaki gabe dagoen arren, argi-izpi batzuk ageri dira. Oier Iturbek bi partida jokatu ditu, eta biak irabazi; Matxalenek eta Markelek bi jokatu, bat irabazi eta bat galdu, eta Aimarrek bi jokatu eta biak galdu; honek zail dauka finalerdietara sailkatzea. Hiru hauek aukera handiak dituzte hurrengo fasera pasatzeko, baina Xuban dago oraindik partidarik jokatu gabe, lesio txiki bat dela medio, eta honek jokatzen badu, oraindik sailkapenak aldaketak izan ditzake.
Comments