Gipuzkoako Xare Txapelketako 3. jardunaldia jokatu ondoren, sailkapena argitzen ari bada ere, oraindik, bai goitik bai behetik, dena erabakitzeke dago.
Maiza-Lopetegi bikoak sendo jarraitzen du, jokatutako 3 partidak, nagusitasunez irabazita. Oraingoan, Zabalegi-Huitzi bikoa 40-25 hartu zuten mendean. Nagusitasun handia erakusten ari da biko hau, eta sailkapen buruari eusten dio. Hala ere, datorren jardunaldian, Iturbetarren kontrako partidan, erabakiko da sailkapeneko lehen postua. Julen eta Gorkari, berriz, zail jarri zaie finalerdietarako sailkapena; geratzen zaizkien bi partidetatik, bat irabazi egin beharko dute derrigor, eta beste bikoen emaitzen zain geratu, finalerdietarako sailkapena lortu nahi badute.
Jardunaldiko bigarren partidan, Isasa-Apeztegiak 40-24 irabazi zien Mendizabal-Mujika bikoari. Irabazleek partida osoa kontrolpean eraman zuten hasera-haseratik. Aurretik hasi ziren, eta partida aurrera zihoan heinean, aldea handitzen joan ziren Iker eta Julen; Matxalen eta Markelek ez zuten etsi, baina ahalegin antzua izan zen. Ondorioz, irabazleek urrats handia eman dute finalerdietarako sailkatzeko, eta galtzaileei gero eta zailago jarri zaie. Hauek ere geratzen zaizkien bi partidetatik bat derrigor irabazi egin beharko dute, eta gero beste partiden emaitzei begira geratu. Ligaxka amaitzeko bi jardunaldi geratzen dira, eta azken jardunaldira arte ez da erabakiko sailkapena.
Zinez interesgarri jarri da txapelketa!
Comentarios