top of page

Mendizabal-Heras bikoa garaile!

Ostiral iluntzean Irurako Ametsa trinketean jokatutako Jubenil mailako Gipuzkoako Xare Txapelketaten 2. jardunaldian,  Matxalen Mendizabal eta Aimar Herasek 40-38 irabazi zieten, faborito ziren,  Xuban Lopetegi eta Oier Iturberi. 

Emaitzak erakusten du partida estua, lehiatua, eta  azken zatian urduritasun handikoa ere izan zela.  Lehen erdian,  azkenean galtzaile izan ziren Xubanek eta Oierrek agindu zuten markagailuan (10-17/14-19), baina 22na berdintzea lortu zuten Matxalenek eta Aimarrek. Hortik aurrera, Matxalen eta Aimar,  aldetxoak egiten hasi ziren,  eta  34-27 aurreratzea lortu zuten. Hala ere, Xubanek  eta Oierrek  ez zuten partida galdutzat eman, eta berriro partidan sartzea lortu zuten (34-33) tantu batera jarriz. Hemen berriro, Matxalenek eta Aimarrek 39-35  aurreratzea lortu zuten, eta Xubanek eta Oierrek  azken ahalegina eginda, berriro tantu batera jartzea (39-38) lortu bazuten ere,  azken tantua Matxalenek eta Aimarrek egin zuten,  eta partida garrantzitsua  irabaztea lortu zuten. 

Bi irabazleek euren  mailarik onena eman zuten, eta seguru-seguru jokatuz, bikain aritu ziren.  Galtzaileek, berriz,  ez zuten euren egunik onena izan, eta ohi baino huts gehiago egin zuten.  Hala ere, Xuban Lopetegi eta Oier Iturbe finalean izango dira, datorren ostiralean(19:00etan) ligaxkako  azken partidan (Zabalegi-Aristi vs Mendizabal-Heras)   ematen den emaitza ematen dela ere.  

Bigarren finalista partida honetatik aterako da, eta Matxalenek eta Aimarrek 26 tantu egitea aski izango dute finalean egoteko. Zabalegi-Aristi bikoak, berriz,  galtza bete lan izango ditu; partida irabazi eta aurkariak 25 tantutan edo gutxiagoan utzi beharko dituzte eta. Baina ez dute dena galdua, eta   finalean egoteko euren aukeratxoa badute.  Itxaropena ez da inoiz gakdu behar,  eta pilotan beti esan ohi dena esanez bukatuko det: "pilota  borobila da".

댓글


bottom of page