top of page

Maiza-Lopetegi irabazle Arrangoitzen.

Updated: Dec 21, 2021

Gaztetxoak mailako Iparraldeko Ligako xareko finala 40-18 irabazi zieten Yarza-.Herasi.

Ibai Larrañagak jokatu behar zuen Herasekin finala Maiza-Lopetegiren kontra, baina ez zuen jokatzerik izan, Covid-19 malapartatuak Ibai eta Ibairen familia gogor astindu duelako; bere ordez, Oier Yarza gaztetxoak jokatu zuen.

Oier Maiza- Xuban Lopetegi ziren faborito, eta ez zuten hutsik egin, txapelketa osoan egin ez duten bezalaxe. Sendotasun eta eraginkortasun handia erakutsi dute txapelketa osoa zehar, eta larunbatean ere halaxe izan zen. Aimar Herasek, Oier Yarzaren laguntzarekin, haserako tantuetan eustea lortu bazuen ere, berehala aldeak egiten hasi ziren Oier eta Xuban, eta amaieran garaipen erosoa lortu zuten.

Joxi Lopetegi eta Mikel Uzkudunek, hurrenez hurren, eman zizkieten garaikurrak txapeldunei eta txapeldun-ordeei. Eta Ametsa Pilota Elkarteak, Klub irabazleari dagokion kopa jaso zuen Jean Louis Perugorria Urruñako ordezkariaren eskutik.

Arratsaldeko lehen orduan izan zen hori, baina goizean izan zuten beste hitzordu garrantzitsu bat irurako xarelari gaztexeagoak, Arrangoitzen bertan. Topaketak zituzten, eta hiru pilotarirekin (Gibelalde, Calonge eta Garmendia) joan ziren Ametsakoak bertara, hango pilotariren batekin bi bikote osatzeko aukera izango zutelakoan. Beste pilotaririk ez zegoenez, emandako hiru pilotarirekin bi bikote osatu behar izan genituen; Garmendia-Calonge batetik, eta Gibelalde- Garmendia bestetik.

Bi multzotan banatu zituzten pilotariak, eta Ametsako bi bikoteak lehen multzoan jarri zituzten. Gibelalde-Garmendia izan ziren irabazle jokatutako partidak irabaziz, eta Garmendia- Calonge bigarren postuan, Urruñarrak taldeko bikoarekin berdinduta.

Hauek ere garaikurrak jaso zituzten Ramuntxo Borteyru, Iparraldeko Ligako Xareko arduradunaren eskutik.

Gaztetxo hauek parte hartu duten hiru Topaketetan eman duten maila ikusgarria izan da: lehen Topaketan, Yarza-Larrañaga izan ziren irabazle eta Gibelalde II-Garmendia bigarren. 2. eta 3. Topaketetan, berriz, Gibelalde I -Garmendia izan dira irabazle.

Amaitu da 20-21 Neguko Iparraldeko xareko txapelketa, eta balorazioa egiteko garaia denez, Ametsa Pilota Elkarteak zorionik beroenak eman nahi dizkizue bai Txapelketa bai Topaketetan parte hartu duzuen Ametsako pilotari guztiei, erakutsitako maila bikaina izan delako.

Hori da bidea! Jarrai lanean, orain arteko gogo eta ilusioarekin, eta emaitzak etorriko dira. Zorionak, halaber, astea joan astea etorri, mutilekin izan zareten guztioi ere.



Comentários


bottom of page