Iparraldeko 23-24 Neguko Xare Txapelketaren ligaxkari amaiera bikaina eman zioten Ametsako pilotariek, Iruran eta Hazparnen, hurrenez hurren.
Iruran, Ander Mujikak (Oier Garmendiaren ordez) eta Ander Calongek nagusitasun osoz (40-22) mendean hartu zuten Irastorza-Turck urruñako bikoa. Ander Calongeren nagusitasuna, beste behin, agerian geratu omen zen, eta nahieran eraman omen zuen partida, Ander Mujikaren laguntzatxoarekin. Balentria egin dute Oierrek eta Anderrek ligaxkan, jokatutako sei partidatatik, seiak irabazita.
Bigarren partidan, Unai Gibelaldek eta Unai Larrañagak ligaxkako bigarren postua zuten jokoan; konpromiso handiko partida, irabazita ligaxkako bigarren postua lortuko zutelako.
Unaik eta Ibaik ez zuten hutsik egin; bai Unai bai Ibai bikain aritu omen ziren, eta partida ikusgarri bat jokatu ostean 40-23 garaipena lortu zuten Urruñako Usarralde-Cherbero bikoaren kontra. Arratsaldeko arantzatxo bakarra, Unairen lesioa izan zen; azken hamarkadan eskumuturreko mina sentitu omen zuen, eta ahalik eta gutxien sartuta, ia-ia, Ibaik, bakarrik jokatuz amaitu omen zuen partida. Ondorioz, ligaxkako bigarren postua eskuratuta, kanporaketa eta final-laurdenak etxean, Iruran, alegia, jokatzeko aukera eskuratu zuten.
Larunbateko bigarren hitzordua Hazparnen zuten gure pilotariek. Bertan, Xuban Lopetegik eta Aimar Herasek bi partida jokatu behar zituzten; lehena, asteburu honi zegokion partida, Bros-Jauregiberri bikoaren kontra; eta erraz (40-19) irabazi zuten. Eta segidan atzeratutakoa, Vanwesemael-Morvan bikoaren kontra, eta hau ere erraz (25-40) nagusitu zitzaizkien urruñarrei.
Xubanek eta Aimarrek jokatutako partida guztiak, zazpitik zazpi, irabazi egin dituzte.
Datorren asteburuan 2. Mailan, Gaztetxoetan eta Gaztetan kanporaketak jokatuko dira. Ea ondo prestatu eta asteburu honetakoa errepikatzen duten gure pilotariek.
Comments