Sebas Moncada eta Oxan Halsouet izan dituzte bikotekide, hurrenez hurren,
II. Gazteak Xare Irekiaren txapelak izan ziren jokoan jardunaldiko lehen partidan; Arrizabalaga-Mujika eta Halsouet -Iturbe bikoen artekoa izan zen, eta hauek, Oxanek eta Oierrek, 40-33 irabazi zuten. Oxan Halsouetek, oso gaztea izanagatik (14 urte), argi eta garbi ekarri zuen estrategia, eta partida irabaztera atera zen lehen tantutik. Oier Iturbe, bere bikoteari, gehixeago kosta zitzaion partidan sartzea; duda-mudekin hasi zen, baina partidak aurrera egin ahala, bere ohiko jokoa egiten hasi zen eta partida ona burutu zuen azkenean.
Arerioak, aldiz, Ioritz Arrizabalaga eta Markel Mujika, ez ziren ondo hasi, zalantza askorekin. Ioritzek, arerioek baino eskarmentu handiagoa eta joku hobea badu ere, ez zuen asmatu tantua amaitzen, eta Markelek ere ez zuen bete egunik onena izan. Ondorioz, Oxanek eta Oierrek aldea hartu zuten hasera-haseratik, eta partidaren amaiera arte aldeari eustea lortu eta txapelak jantzi zituzten. Oxan izan zen partidako jokalaririk onena, eta jokatu diren gazteen mailako bi Xare Irekiak irabazi ditu, eta ez da azkena izango; Oierrek, berriz, estrainekoa jantzi du.
Segidan, IV. San Migel Xare Irekiaren finala jokatu zen, Jon Larronde- Oihan Borteyru eta Joxi Lopetegi-Sebas Moncada bikoen artean. Lau pilotariak joko bolada onean zirela eta Sebas Moncadaren jokoak erabakiko zuela partida nioen aurreko kronikan, eta horrelaxe izan zen. Sebasek, ondo baino hobeto eutsi zien Jon eta Oihanen erasoei, eta bera izan zen finaleko pilotarik onena, eta joko sendo eta erasokorra eginez. Joxik, Sebasen joku onari, aukera izan zuenean etekina atera zion, ohi bezala, tantua erraz amaituz. Ikaragarri jokatu zuten laurek eta ikuskizuna eman zuten, trinketea mukuru bete zuten zaleen gozamenerako. Azken emaitza, 38-40 izan zen Joxi eta Sebasen aldekoa, baina estuagoa ere izan zitekeen, 39nako berdinketa izango zen pilotakadak, Oihan bera jo izan ez balu. Hala ere, esan behar da, berdinketaren bat edo beste izan bazen ere, Joxi eta Sebas partida osoan aurretik izan zirela, eta Jon eta Oihan baino gehiago izan zirela. Hortaz, Joxi Lopetegi eta Sebas Moncadarentzat, merezitako garaipena izan zen. Palmaresari begira, Joxi eta Sebas, berdinduak dira, bakoitza bi garaipenekin.Ea nork lortzen duen hirugarrena!
Gorka Murua eta Leti Aristi, Irurako alkatea eta zinegotzia, hurrenez hurren, Jose Ramon Arruabarrena, SMG entrepresakoa, Ramuntxo Borteyru, Iparraldeko Ligakoa eta Julen Zabalegi, Ametsako Pilota Elkarteko ordezkaria izan ziren sariak banatzen.
Comments