Iparraldeko Ligako ligaxkako azken jardunaldia zegoen jokoan asteburu honetan, eta bikote guztiak final laurdenetarako sailkatuta egon arren, jardunaldi garrantzitsua zen, multzoko postuak jokoan zeudelako.
Gozoa izan zen igande goizean Duzunaritzera -Euskal Pirinioan dagoen Nafarroa Behereako herrixka- egindako irtenaldia. Hiru bikote ari dira Gaztetxoak mailan Liga jokatzen, eta oraingo honetan ere ez dute hutsik egin, eta biko bakoitzak jokatutako bi partidak irabazita, jardinaldi borobila burutu dute. Haritz Murua-Ander Calonge, Unai Gibelalde-Oier Garmendia eta Adur Murua-Ibai Larrañaga, sailkatu dira, hurrenez hurren, multzoko lehen hiru postuetan. Orain final laurdenak izango dituzte jokoan datorren asteburuan. Ea orain arte egindako lan bikainari eusten dioten!
Gaztetxoena, gozoa izan bazen, gazteen mailan etorri zen jardunaldiko gazia. Julen Zabalegik eta Markel Mujikak jardunaldiko emaitzarik txarrena lortu zuten; Hardoytarrak taldeko Ondarts-Barneix bikoaren kontrako partida 40-31 galduta. Ondorioz, multzoko 3. postuan geratu dira, final laurdenak etxean jokatzeko abantaila galduz. Multzo honetako lehen postua Matxalen Mendizabal eta Oier Iturbek eskuratu dute, Urruñarrak taldeko Telletxea-Usarralde bikoari 40-15, erraz, irabazita. Hortaz, final laurdenetako partida Iruran jokatuko dute, B multzoko 4. postuan geratu diren Ametsako Adur Murua eta Aitor Aristi bikoaren kontra. Hauek, jokatutako azken partida, Aviron Bayonnais taldeko Paul-Cassaing bikoaren kontra 40-32 galdu zuten. Beste multzoko lehen postua, Oier Maizak eta Xuban Lopetegik lortu dute, Gortari-Halsouet bikoaren kontrako partida estu eta gogorra 40-37 galdu bazuten ere. Hauek ere final laurdena etxean jokatzeko aukera izango dute.
Ea Gazteek ere orain arte egiten ari diren lan onarekin jarraitzen duten!
Comments