Larunbatean, irailaren 24an, 17:00etan jokatuko dira Irurako Ametsa trinketean IV. San Migel Xare Irekiaren finalerdiak.
Lehen partida, Larronde - Borteyru I bikoak, Borteyru II- Petrisans bikoaren kontra izango da. Jon Larronde eta Oihan Borteyru dira faboritoak; ligaxkan jokatutako bi partidetan euren nagusitasuna eta joko bolada onean direla erakutsi baitute. Mati Borteyru eta Denis Petrisans bikoa ere ondo jokatzen ari bada ere, Jon eta Oihan baino koska bat beherago daude. Hala ere, aukera txiki bat emango nieke Mati eta Denisi, finalerdietan ezusteko bat baino gehiago eman izan ohi delako.
Bigarren partida, Lopetegi-Moncada bikoak, Saint Esteben-Driolet bikoaren kontra izango da. Faborito argirik gabeko finalerdia. Bi bikoak oso paretsu ikusten ditut joku aldetik. Joxi eta Sebas, Joxiren gidaritzapean, joku sendo eta elkarrekin ondo moldatuz ikusi ditut. Nabari zaie Munduko Euskal Pilota txapelketa prestatzen ari direla.
Xan Saint Esteben eta Bruno Driolet ere joku ona egiten ari dira, batez ere, Bruno. Hau ere Munduko Euskal Pilota txapelketa jokatzeko prestatzen ari da, Frantziako selekzioarekin, eta honi ere sasoian dagoela nabari zaio. Hortaz, larunbatean, Ametsa trinketean, goi mailako bi partida ikusiko ditugun itxaropena daukat.
Horrez gain, larunbat goizean, 11:00etan, II. Gazteak Xare Irekiaren ligaxkako 3. jardunaldia jokatuko da, eta finalerdiak erabakiko dira.
Lehen partidan, Oxan Halsouet eta Oier Iturbe bikoak Matxalen Mendizabal eta Jakes Vila bikoaren kontra jokatuko du. Eta bigarren partidanJulen Zabalegi eta Joseba Erro bikoak, Ioritz Arrizabalaga eta Markel Mujika bikoaren kontra.
Comments