Larronde-Borteyru I eta Borteyru II-Petrisans, IV. San Migel Xare Irekiaren lehen irabazleak. Jon Larrondek eta Oihan Borteyruk 40-35 irabazi zieten Xan Saint Estebeni eta Bruno Drioleti. Aurreikuspenak betez, partida ikusgarria jokatu zuten lau pilotariek. Abiadura handia eman zioten pilotari eta tantu ikusgarriak ikusi ahal izan ziren Ametsa trinketean. Jonek eta Oihanek erakutsi dute heurekin kontatu beharko dela IV. San Migel Xare Ireki honetako txapelak eta Irurako Udala Sari Nagusia irabazteko. Xan eta Bruno ere ondo aritu ziren, eta hauekin ere kontatu beharko da txapelen eta sariaren jokoan. Xanek nabaritu zuen Ametsa trinketean bigarren partida baino ez jokatu izana.
Bigarren partidan, Mati Borteyruk eta Denis Petrisansek 40-31 irabazi zieten Bixente Harisperi eta Jerome Karrikabururi. Hasieran bazirudien Matik eta Denisek erraz eta azkar irabaziko zutela, markagailuan alde handiarekin aurreratu zirelako, 25-10 eta 30-12. Baina Bixente eta Jerome hobeto jokatzen hasi ziren, eta aldea, 35-28 arte, murriztea lortu zuten, baina azken zatian, Matik eta Denisek atsedenaldi bat edo beste egin ondoren, partida irabaztea lortu zuten, azkenean uste baino gehiago kosta bazitzaien ere.
Larunbatean, irailaren 10ean, 17:00etan, bigarren jardunaldia jokatuko da.
Comments