top of page

IPARRALDEKO LIGAKO XAREKO FINAL LAURDENAK JOKOAN!


Asteburu honetan,Iruran eta Urruñan dituzte hitzorduak Ametsako pilotariek; Iparraldeko Ligaren xareko final laurdenak izango dituzte jokoan. Une garrantzitsua heldu da, eta orain ezin da hutsik egin, galduz gero, txapelketatik kanpo geratzen zarelako, eta orain arte egindako lan bikain guztia pikutara joan daitekeelako.

Gazteak izango dira hasten lehenak ; lehen final laurdena, herritarren arteko derbia, ostiralean, 19:00etan, Ametsa trinketean jokatuko da. Matxalen Mendizabalek eta Oier Iturbek, Adur Murua eta Aitor Aristiren kontra jokatuko dute. Matxalen eta Oier multzoko lehenak izan dira, eta ligaxka bikaina egin dute, partida bakarra galduta, eta hori Oierrek jokatu ez zuelako, min hartuta zegoelako. Adurrek( Aimar Herasen ordez) eta Aitorrek ligaxka duina egin dute, partida onak jokatuz, eta final laurdenetarako sailkatzea lortuz; helburua bete dutela esan daiteke. Matxalen eta Oier dira faborito. Ea partida polit bat eskaintzen diguten!

Gazteak mailako beste final laurdena, igandean, 13:00etan, jokatuko da, hau ere Iruran. Oier Maizak eta Xuban Lopetegik, Hazparneko Noizbait taldeko Francesena eta Bonetbelcheren kontra jokatuko dute. Oierrek eta Xubanek ere ligaxka bikaina egin dute, eta euren multzoko lehenak geratu dira, hauek ere partida bakar bat galduta. Hortaz, etxeko lanak ondo eginda iritsi dira final laurdenetara, eta hauek ere final erdietara pasatzeko faboritoak dira. Irurarren laugarren bikoak, Julen Zabalegik eta Markel Mujikak, larunbatean, 10:00etan, Urruñan jokatuko dute, Urruñako Gortari eta Halsoueten kontra. Julenek eta Markelek final erdietarako sailkatu beharko lukete, baina kontuz ibili beharko dute, Oxan Halsoueten kontra eta Urruñan, partida zailaren aurrekaria delako.

Honetaz guztiaz gain, Gaztetxoen final laurdenak ere jokoan izango ditugu. Ligaxka bikaina egin dute Ametsako hiru bikoek, eta ondorioz, final laurdenak, Iruran jokatzeko kantxa eskubidea lortu dute. Horrela, igandean, Ametsa trinketean, goizeko 10:15etik aurrera,

Lehen partida, Adur Muruak eta Ibai Larrañagak, Donibane Garaziko Goizeko Izarra taldeko Ahado-Moutroustegi bikoaren kontra jokatuko dute. Irurarrak dira faborito, baina partida batera edozein gauza gerta daiteke.

Bigarren final laurdenekoa, Unai Gibelaldek eta Oier Garmendiak jokatuko dute Urruñako Ostiz-Etxeberria bikoaren kontra. Oraingoan ere gureak dira faborito, baina hauek ere konfidantzak eta usteak etxean utzita etorri beharko dute, badaezpada ere.

Eta hirugarren final laurdenekoa, Haritz Muruak eta Ander Calongek jokatuko dute; hauek ere faborito izango dira Urruñako Guilhamet-Dabilly bikoaren kontra.

Ea orain arteko mailari eusten dioten, eta berriro ere notizi onak emateko parada dugun!

Ondo joan dakiela guztiei!

Aukera ona trinketera hurbiltzeko eta gure pilotariak animatzeko!

Espero zaituztegu!!!



Comments


bottom of page