top of page

II. AMETSA XARE IREKIAREN TXAPELDUNAK


Larrarte I- Mujika II, Kozkortuetan; Larrarte II- Mujika II Emakumezkoetan; Yarza-Garmendia Gaztetxoetan, eta Zabalegi-Heras Gaztetan izan dira II. Ametsa xare Irekiaren irabazleak.

KOZKORTUAK mailan, Itoitz Larrarte-Naroa Mujika bikoak 30-17 irabazi zion Xabat Zabalegi-Ander Mujika bikoari. Naroa eta Itoitz nagusi izan ziren; Naroak min handia egin zuen sakearekin, eta Itoitz, ohi bezala, oso seguru aritu zen. Xabatek eta Anderrek ez zuten heuren egunik onena izan, eta ohi baino huts gehiago egin zituzten. Ondorioz, Itoitzek eta Naroak partida erraz irabazi zuten.

EMAKUMEZKOAK mailan, Alaine Larrarte -Naroa Mujika bikoak 35-32 irabazi zion Kamile Mendizabal - Uxue Iturbe bikoari, partida estu eta lehiatu batean.

Naroa eta Uxueren arteko lehia oso polita izan zen. Nor baino nor aritu ziren bi atzelariak partida amaiera arte. Baina 32nako azken berdinketa ondoren, azken hiru tantuak egin zituzten Alainek eta Naroak, eta partida irabazi zuten. Alaine eta Kamile ez ziren asko sartu jokoan, baina egin zutena nahiko ondo bete zuten, batez ere Alainek.

GAZTETXOAK mailan, Oier Yarza - Oier Garmendia bikoak 35-28 irabazi zion Ekhi Gibelalde -Adur Murua bikoari. Faboritoak ziren Oiertarrak, eta ez zuten hutsik egin; haseratik hartu zuten aurrea, eta aldeari eusten jakin zuten amaiera arte. Hala ere, partidaren amaiera aldera, Ekhi eta Adur zertxobait piztu ziren, eta bi tantura hurbildu zitzaizkien; Oiertarrak zertxobait urduri jarri baziren ere, azken txanpa ona egin eta partida merezimendu osoz irabazi zuten.

GAZTEAK mailan, Zabalegi-Heras bikoak, 40-28 irabazi zion Maiza-Iturbe bikoari. Partida estua aurreikusten genuen, eta partidaren erdira arte halaxe izan zen; hemendik aurrera, Julen Zabalegiren erasoko joku bikainari esker, eta Aimar Herasen segurtasunarekin, markagailuan aldea egitea lortu zuten, eta estuasun handiegirik pasa gabe partida irabaztea lortu zuten. Ez zen Oiertarren egunik onena izan, ez batak ez besteak ez baitzuten tantua amaitzen asmatu.

Partida bakoitzaren amaieran sari banaketa izan zen, eta Ametsako ordezkariei lagunduz, bertan izan ziren Gorka Murua, Alkatea, eta Leti Aristi, Kultur eta Kirol zinegotzia.

Eskerrak eman Ametsa trinketera hurbildu zen jende guztiari, eta nola ez, parte hartu duten jokalariei, eta baita lagundu diguten guztiei ere.



Comments


bottom of page