Asteazkenean, lehenengo finalista, larunbatean, bigarrena, eta igandean, jokoan zeuden bi finalerdietatik, Iruran jokatzen zen derbitik, hirugarrena ziurtatura zegoenez, Hazparnen, igande arratsaldean jokatzen zen partidan ipinita zeuden begirada guztiak, Ametsa Pilota Elkarteko laugarren bikote finalista hortik aterako zelako, ateratzekotan.
Unai Gibelalde eta Oier Garmendia ziren gure ordezkariak, eta aurrez aurre Urruñarrak taldeko Arrizabalaga-Hiriart bikote indartsua zuten. Lau pilotariak partidan sartuta irten ziren, eta onena ematen hasi ziren laurak. Hasera-haseratik ikusi genuen urruñarrek estu eta larri hartuko zituztela Unai eta Oier, eta euren onena eman beharko zutela partida aurrera atera nahi bazuten. Hiriart mutil handia da, eta kolpe handia duen pilotari indartsua da, haserako tantuetan hori baliatu zuen Unairen eta Oierren joku ona geldiarazteko. Horrez gain, orain arte ez bezala, oso ziur aritu ziren bi urruñarrak, eta markagailuan aurretik ibili ziren ia partida osoan zehar, nahiz eta inoiz alde handiegirik ez lortu. Unai eta Oier, partida osoan atzetik joan baziren ere, ez zuten amore eman, eta lanean jarraitu zuten, behin eta berriro markagailuan hurbiltzea eta berdintzea lortuz. Heldutasun handia erakutsi zuten biak ala biak, eta egoera zailari eustea lortu zuten, euren aukera heldu zen arte. Hori, partidaren azken hamarkadan iritsi zen, eta azken berdinketa (29-29) lortuta, hemendik aurrera Unaik eta Oierrek euren onena ematea lortu zuten, eta 38-30 aurreratzea lortu. Markagailu horrek ematen duen lasaitasuna baliatuz, 40-34 irabazi zuten, eta asko kostatako, baina ongi merezitako finalerako txartela eskuratu zuten.
Finalerako txartela lortu zuen Ametsako azken bikoa Matxalen Mendizabal eta Oier Iturbe izan zen. Arestian aipatutako Julen Zabalegi eta Markel Mujikaren kontrako derbian 40-35 garaile izan zirelako. Galtzaileak, Julen eta Markel, indartsu hasi omen ziren, eta alde politak hartu ere bai, haserako zatian. Baina Matxalenek eta Oierrek berdintzea lortu eta aurrea hartzea lortu zutenetik, alde handiegirik ireki gabe, baina amaiera arte ondo eutsi omen zien Julen eta Markelen erasoei, partida irabazi arte. Ondorioz, laugarren bikote finalista erabakita, Ametsakook une historiko bat bizitzen ari garela esan dezakegu. Iparraldeko xareko Ligan, bi maila desberdinetan, Gaztetxoak zein Gazteak mailetan, hain zuzen, izango diren lau bikote finalistak Irurako Ametsa Pilota Elkarteko pilotariak izatea, zinez, historikoa delako.
Bejondeizuela denoi!!!
Comments