top of page

Hasera ona izan dute Irurako Xare Irekiek

Ostegunean eta ostiralean jokatu ziren bi txapelketetako lehen jardunaldiak.

Irailaren 2an jokatu zen Ametsa trinketean I. Gazteak Xare Irekiaren lehen jardunaldia. Lehen partida, Maiza-Iturbe bikoak 40 eta 29 irabazi zion Mendizabal-Heras bikoari. Hasiera parekatua izan bazen ere, Maiza-Iturbe bikoak aldea hartu zuen, eta emaitzak erakusten duen bezala, nahiko erraz nagusitu ziren.


Bigarren partidan, Zabaleta-Mujika bikoa 40 eta 14 erraz nagusitu zen Lopetegi II - Isasaren kontra. Xuban Lopetegi gaztetxoak, Monteroren ordez jokatu zuen.


Ostiralean, berriz, III. San Migel Xare Irekiari eman zitzaion hasera. Lehen partida, Lopetegi-Petrisans eta Etxeberri-Karrikaburu bikoen artekoa izan zen. Etxeberri-Karrikaburu bikoa oso erasokor hasi zen. Bizpahiru tantoko alde txikiak hartzea lortu bazuen ere, Lopetegi-Petrisans bikoak, haserako erasoaldiari eutsi, eta berehala aurrea hartu eta alde politekin eraman zuten partida azken hamarkadara iritsi arte. Baina Etxeberri-Karrikaburu ez zeuden amore emateko, eta 0-6 partziala eginda, 30-29 hurbiltzea lortu zuten. Baina 30nako berdinketa izan behar zuen pilotakada, fraile-txapa izan zen, eta 31-29koa igo zen markagailura, Etxeberri- Karrikabururen bolada ona hautsiz. Sakea berreskuratu zuen berriro Lopetegi I.ak, eta honi esker, berriro azkenean erabakigarria izango zen aldea lortu zuten, eta 39-31 aurreratu ziren. Oraindik, beste bolada txiki bat izan zuten galtzaileek, eta 39-35 hurbiltzea lortu zuten, baina azkena izan zen, Etxeberrik, sakea falta egin zuelako. Lau pilotariek oso maila ona erakutsi zuten, eta partida ikusgarria eskaini ziguten bildutakoei.


Bigarren partida, De Paredes-Funosas eta Borteyru anaien artekoa izan zen. Borteyru anaiek aurrea hartzea lortu zuten hasera- haseratik, eta alde handiegirik hartu ez bazuten ere, partida osoan hiruzpalau tantoko aldearekin ibiltzeak konfiantza handia eta garaipenean sinestea ekarri zien. Hala ere, De Paredes-Funosas bikoak ez zuen inoiz etsi, eta behin edo beste tanto batera hurbiltzea ere lortu zuten. Baina, azkenean, Mati eta Oihan Borteyruk 40-36 irabaztea lortu zuten. Lau pilotariak maila ona erakutsi bazuten ere, Oihan Borteyru, izan zen laukoteko pilotaririk onena.

Kommentare


bottom of page