Hasera gozoa eman diote Ametsa Pilota Elkarteko xarelariek 24-25 denboraldi berriari. Urruñako xare torneoan parte hartu dute Matxalenek, Oierrek, Xubanek eta Markelek; Matxalenek txapela lortu du Jon Lafargerekin; Oier txapeldun-orde izan da Telletxearekin; eta Xubanek 4. postua lortu du Usarralderekin. Markel ere ondo aritu da, ohorezko posturik lortu ez badu ere. Bejondeizuela!
Hori guztia esanda, Iraila ere hilabete gozoa izaten da iruratarrontzat, eta berak dakarkigun gozoena, zalantzarik gabe, herriko jaiak, San Migelak dira.
Jaien egitarau oparoaren barnean, beste behin ere, nola ez, Iruran sustraituta eta errotuta dugun xarea izango dugu ikusgai. Batetik, San Migel Xare Irekiaren 6. ekitaldia izango dugu, eta, bestetik, aurten lehen aldiz jokatuko den San Migel Xare Ireki Mixtoa.
Aipatu xareko bi torneo horiei, aste honetan emango diegu hasera Ametsa trinketean; lehenari, VI. San Migel Xare Irekia/ Irurako Udala Sari Nagusiari, ostiralean, irailaren 6an, 19:00etan, eta, besteari, I. San Migel Xare Ireki Mixtoari, larunbatean, irailaren 7an, 17:00etan.
Torneo bietan, bikoteek (4 bikote bakoitzean) ligaxka bat jokatuko dute; ondoren, finalerdiak jokatuko dira: irailaren 20an, VI. San Migel Xare Irekikoak, eta irailaren 22an, I. San Migel Xare Ireki Mixtokoak; biak ala biak, San Migel jaien egitarauaren barnean.
Finalak, berriz, irailaren 28an, 11:30ean, jokatuko dira; lehena, I. San Migel Xare Ireki Mixtokoa, eta, segidan, VI. San Migel Xare Irekikoa.
Irail eta San Migel jai gozoak izan ditzagula!
Comments