top of page

Gozotik gehiago, gazitik baino!

Asteburu honetan 5 partida jokatu dituzte Ametsako pilotariek Iparraldeko 24-25 Neguko Xare Txapelketan; 3 partida irabazi  eta 2 galduta amaitu dute jardunaldia. Hortaz, aurrekoarekin alderatuta, nabarmen hobetu dugunez, gozotik gazitik baino gehiago izan du asteburuak.

Ostiralean(18:00) jokatu zen Ametsa trinketean  lehen partida;  Xuban Lopetegik eta Aitor Aristik 40-36 irabazi zieten Aviron Bayonnais taldeko Paul Ortiz  eta Clement  Cassaingi.

"Partida lehiatua eta parekatua izan da;  tantu onak jokatu dituzte, baina  huts asko ere egin dituzte. Hori hobetu beharra dago" esan digu Joxi Lopetegik.  

Bigarren partida, larunbat arratsaldean(17:00),  Mendillorriko trinketean(Iruñea) jokatu zen. Unai Gibelalde eta Oier Garmendia bikoak,  Auñamendi taldeko Pedroarena-Larramendi bikoari 31-40 irabazi zion.  

"Erdira arte oso parekatuta joan da partida;  aurrelariek partida bizia egin dute aurreko koadroetan, eta  tiki-taka handiko tantu polit asko egon dira. Erditik aurrera, ordea, abantail txiki bat hartu dute Unaik eta Oierrek, eta , horri esker, garaipen eroso samarra lortu dute irurarrek"  esan digu Iñaki Garmendiak. 

Igandean hitzordu hirukoitza genuen Ametsakoek; lehenean,  Ametsa trinketean(10:30), Ibai Larrañaga eta Ander Mujika bikoak, Hazparneko Noizbait taldeko Twardack-  Gillentegi bikoaren kontra jokatu zuen.  Ibai eta Ander partida guztian aurretik izan dira markagailuan, baina alde handiegirik lortu gabe, eta, hazpandarrak, irurarren hutsegite batzuen ondorioz   pare-parean iritsi ziren azken hamarkadara. Azken hamarkadan, ordea,  Ibaik  erasoan asmatu egin zuen, eta  Ander defentsan oso ondo aritu zen. Ondorioz, 40-35 irabazi zuten partida. Garaipen hau, euren ahalmenetan sinesteko, ondo etorriko  zaie Ibairi eta Anderri.  

Igandeko bigarren hitzordua, Izei Garmendia eta Ur Aristi biko gaztetxoak zuen Angelun(12:30),  Hardoytarrak taldeko Alcat-Moncada bikoaren kontra. Hardoytarrak taldeko bikoa, markagailuak erakusten duen modura(40-18) gehiaho izan zen.

"Izeik eta Urrek gehixeago merezi zuten;   joku ona egin  dute orohar,   eta tantu asko dominatu eta egiteko aukera ere izan dute, baina zorte pixka bat falta izan zaie" esan divu Iñaki Gamendiak.

Eta jardunaldiari amaiera, igande arratsaldean(18:00) Oier Iturbek eta Markel Mujikak eman zioten Hazparnen, Noizbait taldeko Sasco-Larramendi bikoaren kontra. Biko indartsua eta eskarmentu handikoa osatzen dute hazpandarrek, eta ez zen partida erraza irurarrentzat.  Ondo lehiatu omen ziren , eta   inoiz ez omen zuten etsi Oierrek eta Markelek, baina Sasco eta Larramendi gehiago izan ziren, eta 40-25 irabazi zieten irurarrei. Hauen alde esan behar da,  jokoa badute ere, euren maila ez den goragoko  batean ari direla jokatzen, eta eurek baino zaharragoak eta eskarmentu handiagoa dutenen kontra ari direla  jokatzen azken  bi denboraldi hauetan.  Hortaz, kontuan izan, gazteak zaretela, eta mailara  egokitze fase batean ari zaretela;  ez etsi eta jarraitu lanean, emaitzak etorriko dira eta! 


Comentarios


bottom of page