Nagusi mailan , asteazkenean, Isasa- Apeztegia bikoak, Iturbe I- Iturbe II-ren kontra jokatu zuten, eta Iñax Iturbe eta Oier semeak 40-36 irabazi zien Iker Isasa eta Julen Apeztegia bikoari. Ondorioz, Iturbetarrek ligaxkako bigarren puntua eskuratu zuten, eta lidertza partekatuan dira Maiza-Lopetegirekin. Bestalde, Ikerrek eta Julenek oraindik ez dute punturik lortu.
Ostiralean, Mendizabal-Mujika bikoak Maiza- Lopetegi bikoaren kontra jokatu zuen. Oier Maiza eta Joxi Lopetegi ziren faborito garbiak, eta ez zuten hutsik egin. Hasieran Matxalen eta Markel alde txikiekin aurretik ibili baziren ere, partida erditik aurrera, Joxiren nagusitasuna agerian geratu zen, eta Oierrek, nagusitasun hori baliatuz, tantu politak egin zituen, eta 40-27 irabazi zuten. Hauek ere ligaxkako bigarren puntua lortu dute, eta, bina punturekin, berdinduak dira sailkapen buruan Iturbetarrekin.
Larunbatean, Eskolarteko kozkortuen Gipuzkoako Txapelketako jardunaldia jokatu zen. Gibelalde II- Larrañaga bikoak Yarza-Calonge bikoaren kontra jokatu zuen.
Ekhi Gibelalde eta Ibai Larrañaga lehen partida irabaztetik zetozen, eta Oier Yarza eta Ander Calongek estrainekoa zuten. Oierrek eta Anderrek bikote indartsu eta orekatua osatzen dute, eta nagusi izan ziren hasera-haseratik. Ekhi eta Ibaik ez zuten inoiz etsi, eta saiatu ziren partidan sartu eta markagailuan hurbiltzen, baina ez zuten lortu. Ondorioz, Oier eta Anderrek 35-21 irabazi zuten partida, behin-behineko sailkapen burua eskuratuz.
Comments