Gipuzkoako xare Txapelketak, oztopoak oztopo, abiatu dira Ametsa trinketean. Covid-19a dela eta, azkenean, Eskolarteko neska eta mutilen txapelketak bertan behera geratu dira, momentuz. Espero dugu hil honen bukaeran edo otsailean abian jartzeko aukera izatea.
Asteazkenean, ostiralean jokatu behar zen partida jokatu zen; jubenil mailan, Zabalegi-Iturbe bikoak 40-22 irabazi zion Mendizabal-Mujika bikoari. Markagailuak erakusten duen aldea ez zen izan jokoan. Irabazleek sendo eta ziur jokatu zuten, eta galtzaileek ez zuten sendotasun hori hausterik lortu, ahaleginak eta bi egin arren.
Ostegunean, asteartean jokatu behar zen partida jokatu zen, eta Maiza-Aristi bikoak 40-31 irabazi zion Murua-Lopetegi bikoari. Bikote sendoa osatzen dute Maizak eta Aristik, baina arazoak izan zituzten Murua eta Lopetegi mendean hartzeko. Markagailuak gorabehera handiak izan zituen, eta azken hamarkada arte ez zen erabaki partida. Hemen irabazleak, Maiza-Aristi, seguruago aritu ziren, eta lasaitasun ederra hartu zuten, partidaren zati handi batean estu eta larri ibili zirelako.
Larunbatean jokatu zen aste honetako azken partida; Murua-Lopetegi bikoak jokatu zuen berriro, Galartza-Heras bikoaren kontra oraingoan. Partida lehiatua eta gogorra izan zen azken hamarkada arte, markagailuan berdinketa askorekin. Azkenean, ezohiko huts batzuk egin zituzten Muruak eta Lopetegik, eta Galartzak eta Herasek ligaxkako lehen puntua lortu zuten 40-34 irabazita.
Comments