Gipuzkoak eta Iparraldeak jokatu zuten GRABNI Txapelketari zegokion azken jardunaldia, igande goizean, Ametsa trinketean.
Jubenil mailako partida erabakiorra zen Gipuzkoarentzat, gure ordezkariek irabazi beharra zeukatelako GRABNIko finalean egon nahi bazuten.
Julen Zabalegi eta Oier Iturbe izan ziren Gipuzkoako ordezkariak, eta ez zuten hutsik egin; 40-31 irabazi zieten Iparraldeko Arrizabalaga II- Vila bikoari.
Ondorioz, multzoko lehen postua lortu zuten, eta gaurko aurkarien kontra jokatuko dute finala.
22 urtez azpiko partidan, Oier Maizak eta Matxalen Mendizabalek 40-19 galdu zuten Agirrezabala I -Regerat bikoaren kontra. Partida honen emaitzak ez zuen eraginik sailkapenean, Iparraldearen eta Gipuzkoaren arteko finala, aldez aurretik, erabakita baitzegoen.
Nagusiak mailako partida,
Julen Apeztegia eta Joxi Lopetegi, Sasco eta Oihan Borteyruren kontrakoa izan zen, eta ez zen amaitzerik izan; Julen Apeztegia ondoezik jarri zen, eta partida utzi behar izan zuen. Partida honen emaitzak ere ez zuen eraginik sailkapenari begira, hemen ere Gipuzkoa eta Iparraldea finalerako sailkatuta zeudelako.
Ondorioz, Gipuzkoak eta Iparraldeak GRABNI Txapelketako xareko final guztiak -Jubenil, 22urtez Azpiko eta Nagusiak mailakoa- elkarren aurka jokatuko dituzte apirilaren 30ean, Gasteizko Maitena trinketean.
Comments