top of page

Gazitik gehiago, gozotik baino.

Hiru partida jokatu dituzte Ametsako pilotariek Iparraldeko 23-24 Neguko xare Txapelketaren 3. jardunaldian, eta 3 partidetatik bakarra irabazi dute.

Ondo hasi zen asteburua gure pilotarientzat; Xuban Lopetegi -Aimar Heras bikoak nagusitasun osoz(40-07) hartu zuten mendean Noizbait taldeko Larre-Bonetbelche bikoa. Bikain aritu ziren Xuban eta Aimar haseratik bukaera arte, eta ez zieten inolako aukerarik eman aurkariei, emaitzak ongi baino hobeto erakusten duen bezala.

Ostiraleko bigarren partidan, Julen Zabalegik eta Markel Mujikak partida on bat jokatuta, ezin izan zuten ezer egin Urruñako Halsouet eta Olhandegi bikoaren kontra, eta 32-40 galdu zuten. Beste behin ere, Oxan Halsouetek jartzen duen erritmoan dantzatzen dute besteek; Julenek eta Markelek ondo jokatu zuten, eta asko saiatu ziren, baina Oxan bere atzelaria ere, Olhandegi, oso pilotari segurua, ondo aritu ziren, eta ezin izan zuten askoz gehiago egin. Gureek horrela jokatzen jarraitzen badute, emaitza onak helduko dira.

Eta jardunaldiko hirugarren eta azken partidan, Matxalen Mendizabalek eta Oier Iturbek, igande goizean, Lekunberriko Plazaola taldeko Iñaki Arzelluz eta Joanes Arrosagarairen kontra jokatu zuten, eta 34-40 galdu zuten. Bikote oso indartsua da nafarra; bortizki erabiltzen dute beti pilota, eta gureak, Matxalen eta Oier,pilotariagoak badira ere, abiadura horretan jokatzen, oraindik ohitu gabe daude. Hala ere, azken hamarkadan, tantu bakar batera (33-34) jartzea lortu zuten, joku ona eginez, baina azkenean berriro bizpahiru pilota erraz galduta, Iñakik eta Joanesek garaipena lortu zuten.

Lehen urtea dute gure pilotariek maila honetan, eta eskarmentu handiko pilotariak ari direnez, aurrera begira trebakuntza ondo etorriko zailakoan nago. Segi horrela!



Comments


bottom of page