top of page

Finalerdiek aurrera darraite!

Iparraldeko Ligaren xareko finalerdiek jarraipena izango dute larunbatean eta igandean, Hazparnen eta Iruran, hurrenez hurren.

Larunbatean, 14:00etan, Hazparnen, Berria trinketean, Oier Maizak eta Xuban Lopetegik Aviron Bayonnais taldeko Paul-Cassaing bikoaren kontra jokatuko dute, Gazteak mailako lehen finalerdia. Oierrek eta Xubanek ligaxka bikaina egin dute, eta Baionako bikoari erraz irabazi zioten Iruran jokatutako ligaxkako partidan. Orduko jokoa egiten asmatzen badute, irabazteko aukera dezente izango dituzte, baina konfidatu gabe ibili beharko dute, finalerdietan bereziki, ezustekoak sarri gertatu ohi direlako.

Jardunaldiak jarraipena, igandean, 17:00etan, Hazparnen bertan izango du, baina Darmendrail trinketean; Unai Gibelaldek eta Oier Garmendiak Urruñarrak taldeko Arrizabalaga-Hiriart bikoaren kontra jokatuko dute, Gaztetxoak mailako bigarren finalerdia. Unai eta Oier ere faborito izango dira, ligaxka bikaina egteaz gain, elkarren kontra jokatutako ligaxkako partida irabaztetik datozelako, baina hauek ere ibil daitezela kontuz, eta presarik gabe, baina haseratik partidan sartuta atera daitezela, lanak azkenerako utzi gabe.

Eta jardunaldiko azken hitzordua, igandean, 19:30ean, Ametsa trinketean izango dugu. Gazteak mailako bigarren finalerdia izango da jokoan, eta Ametsako bi bikoen arteko derbian Matxalen Mendizabalek eta Oier Iturbek, Julen Zabalegi eta Markel Mujikaren kontra jokatuko dute. Faborito argirik gabeko neurketa da. Ligaxkan elkarren kontra jokatutako partida bikainean, Matxalen eta Oier izan ziren garaile, baina azken orduko ñabardura txiki batzuek erabaki zuten partida, eta edonork irabaz zezakeen. Hortaz, oso irekia dago partida.

Honetaz guztiaz gain, xareko lehen mailako finalerdi batean Joxi Lopetegi irurarra ere izango dugu , Mikel Funosas lagun duela. Mati Borteyru eta Denis Petrisans bikoaren kontra jokatuko dute, eta ondo bidean Joxik eta Mikelek finalerako txartela lortu behar dute.

Zorte on denei!!!

Commenti


bottom of page