top of page

Finalerdi gazi-gozoak irurako xarelarientzat, Arrangoitzen

Gaztetxoen mailan irurarren arteko finala jokatuko bada ere,

Gazteak mailan, ez dugu ordezkarik izango finalean.

Gaztetxoen mailako lehen partida Ametsa 3(Larrañaga-Heras) bikoak 40-29 irabazi zion Ametsa 2(Murua-Aristi) bikoari. Partida lehiatua izan zen azken hamarkada arte, baina bukaera hobea eman zioten Ibai eta Aimarrek, eta finala jokatzeko txartela eskuratu zuten Arrangoitzeko trinkete ederrean.

Bigarren partidan, Ametsa 1 (Maiza-Lopetegi) bikoak, 40-21, nahiko erraz hartu zuen menpean Urruñarrak 2(Gortari-Miura) bikoa. Hasera parekatua izan zuen partidak, baina irurarrak kantxara jarri bezain pronto, ez zuten arazorik izan partida irabazteko. Hortaz, datorren larunbatean, abenduak 18, Maiza-Lopetegi eta Larrañaga-Heras Ametsako bikoen arteko derbia izango dugu finala.

Gazteak mailan gauzak ez zitzaizkien hain ondo joan gure ordezkariei, eta jokatutako bi finalerdiak galdu egin zituzten.

Ametsa 2 (Mendizabal-Heras) bikoak 40-29 galdu zuen faborito ziren Urruñarrak 1 (Halsouet-Vila) bikoaren kontra. Aimar Heras gazteak, bere mailako finalerdia jokatu eta irabazi eta gero, Gorka Huitziren ordez jokatu zuen, hau min hartuta zegoelako. Partida ona jokatu zuten Matxalen eta Aimarrek, eta horren ondorioz lan zailak jarri zizkieten faborito ziren urruñarrei. Azkenean, hauen joko ona gailendu zen eta finalerako txartela lortu zuten.

Zabalegi-Mujika ziren faborito Hardoytarrak 1 ( Ondarts-Barneix) bikoaren kontrako bigarren finalerdia irabazteko, baina usteak erdia ustel. Hasera kaskarra eman zioten partidari irurarrek, eta partida osoa hasera txar horri buelta eman ezinik ibili ziren. Hala ere, azken unean, partida guztian lehen aldiz, 39-38 aurretik jartzea lortu zuten, eta aukera ederra izan zuten irabazteko, baina azken bi kintzeak Angeluko Hardoytarrenak izan ziren, eta finalerako txartela eskuratu zuten 39-40 partida irabazita.


Comments


bottom of page