top of page

Finalak erabakita!


Irati-Xuban eta Eneko-Mikel bikoak izango dira Gaztetxoen mailako IV. Ametsa Pilota Xare Txapelketaren finala jokatuko duten pilotariak.

 Ostegunean,  lehen  finalerdian,  Iratik eta Xubanek 2-0(12-4/12-7) mendean hartu zituzten Ekaitz eta Sara. Emaitzak erakusten duen moduan, Irati eta Xuban gehiago izan ziren, eta Ekaitz eta Sara saiatu baziren ere,  ezin izan zuten ezer egin, Irati eta Xubanen garaipena eragozteko. 

Bigarren finalerdia, Eneko-Mikel eta Maren-Paule bikoen artekoa, estuagoa eta lehiatuagoa izan zen.  Lehen jokoa Marenek eta Paulek 12-7 irabazi zuten;   bigarrena, berriz, Enekok eta Mikelek 12-5. Kitako jokoa oso polita eta estua izan zen, eta,  azkenean, Enekok eta Mikelek 5-4 irabazi zuten. Kostata izan bazen ere,  finalerako txartela lortu zuten hauek, eta, arestian esan moduan, Irati eta Xubanen kontra jokatuko dute. 

Ostiralean, Gazteen mailako  finalerdia jokatu zen; finalerdi bakarra, Unai eta Ibai, lehendik finalerako sailkatuta zeudelako. Enaitz-Ander Calonge bikoak 2-0(15-11/15-10) irabazi zion Ander Mujika-Oier bikoari. Partida lehiatua izan zen, eta  Enaitzek eta Ander Calonge bikoak bi joko eta huts irabazi bazuen ere, Ander Mujika-Oier bikoak estu hartu zituen bi jokoetan. Irabazleak, biak ala biak, oso joko ona erakutsi zuten; Enaitz, batez ere, defentsan, eta Ander, erasoan.  Ondorioz, Gazteen mailako IV. Ametsa Pilota Xare Txapelketaren finala, Enaitz eta Ander Calongek,  Unai eta Ibairen kontra  jokatuko dute. 



Коментарі


bottom of page