IV. Ametsa Pilota Xare Txapelketen finalekin eman diogu amaiera 23-24 xare eskolari, Irurako Ametsa trinketean.
Gaztetxoen mailan Eneko Larrañaga eta Mikel Satrustegi izan dira txapeldunak Irati Zabala eta Xuban Zubeldiari 2-0 (12-7/12-11) irabazita. Lehen jokoan nahiko erraz irabazi zuten Enekok eta Mikelek, baina bigarren jokoan Irati eta Xuban hobeto aritu ziren, eta kitako jokoa bortxatzeko zorian ere izan ziren, baina, azkenean, Eneko eta Mikelentzat izan zen jokoa eta garaipena.
Gazteen mailan, azken orduko aldaketa bat egin behar izan genuen, Unai Gibelalde eta Ibai Larrañaga ziren Enaitz Irazusta eta Ander Calongeren kontra aritu behar zutenak, baina Unaik min hartu zuen, eta ezin izan zuen jokatu; bere ordez, Eneko Larrañaga, Gaztetxoa, aritu zen, Ibai bere anaiarekin. Aldaketa honekin partida hankamotz geratu zen, eta Enaitzek eta Anderrek 2-0(15-8/15-6) erraz mendean hartu zituzten Eneko eta Ibai anaiak.
Jubenil mailako buruz burukoan Oier Iturbek 2-0(15-14/15-5) irabazi zion Markel Mujikari. Lehen jokoa oso parekatua eta lehiatua izan zen, eta 14na berdindu ondoren, azken kintzea eginda, lehen jokoa Oierrentzat izan zen. Bigarrenean, Markel behera etorri zen, lehen jokoa galtzeak eraginda, eta Oierrek ez zuen arazorik izan; nahieran aritu zen, eta bigarren jokoa(15-5) erraz irabazi zuen . Ondorioz, jubenil mailako txapelduna, buruz buru, bera izan da.
Amaitzeko sari banaketari ekin genion, eta bertan, Gorka Murua, Alkatea, Noelia Lataburu, Kultur eta Kirol Zinegotzia, eta Ametsa Pilota Elkarteko Oier Iturbe, Aimar Heras Julen Zabalegi eta Mikel Uzkudun izan ziren.
Eta ikasturteari amaiera emateko, 23-24 xare eskolan ibili diren neska-mutil eta irakasle gehienekin, argazkia egin genuen, eta 24-25 denboraldiari begira.
Zorionak guztioi!
コメント