top of page

Bete-beteko lehen jardunaldia!


II. Ametsa Xare Irekiaren lehen jardunaldiak partida ederrak eta ikusgarriak utzi dizkigu zaletuoi. Ostiralean, Gazteak eta Jubenilak genituen lehian. Gazteak mailan, Yarza-Garmendia bikoak 30 eta 13 irabazi zion Gibelalde II-Murua I bikoari. Oier Yarza eta Oier Garmendia bikoak jokoaren sendotasunean oinarritu zuen garaipena; huts gutxi eginez eta izandako aukerak ondo baino hobeto probestuz. Galtzaileak, Ekhi Gibelalde eta Adur Murua, ez ziren ondo aritu, ohi baino huts gehiago eginez.

Bikote sendoa dela eta txapelketa irabazteko faboritoen zerrendan jarri beharko ditugu Oiertarrak. Segidan, Murua II-Calonge eta Gibelalde I -Larrañaga bikoek oso partida lehiatua jokatu zuten. Haritz Muruak eta Ander Calongek 30-25 hartu zituen mendean Unai Gibelalde eta Ibai Larrañaga. Bi biko hauek ere, biko sendoak direla erakutsi dute, eta faboritoen zerrendan jarri beharko ditugu hauek ere.

Segidan, jubeniletako bi partida ikusgarri jokatu ziren. Lehen partidak, Zabalegi-Heras eta Maiza-Iturbe bikoen artekoak, gorabehera gutxi izan zituen markagailuan; berdinketa ugari eman ziren, eta azken unera arte ez zen partida erabaki. Azkenean, Oier Maizak eta Oier Iturbek 40-38 irabazi zien Julen Zabalegi eta Aimar Herasi.

Eguneko azken partida, Mendizabal I-Lopetegi II eta Galartza-Isasa bikoen artekoa, aurrekoa baino estuagoa izan zen, azken tantura arte ez baitzen erabaki. Eñaut Galartza eta Iker Isasa azken unera arte aurretik ibili ziren markagailuan, eta 37-39 ere aurreratu ziren, baina Matxalen Mendizabalek eta Xuban Lopetegik ez zuten amore eman, eta azken hiru tantuak segidan eginda, partida 40-39 irabaztea lortu zuten.

Emaitzak ikusita, aurreikus daiteke torneo ikusgarri baten atarian egon gaitezkeela. Ea gure aurreikuspenak betetzen diren!

Jardunaldiaren bigarren zatia, larunbat arratsaldean jokatu zen. Gaztetxo mutilak, Xabat Zabalegik eta Ander Mujikak 28-30 galdu zuten Itoitz Larrarte eta Naroa Mujika bikoaren kontra. Aipatzekoa da Naroa Mujikak, bai emakumezkoekin bai mutilekin jokatzen duela, eta ikusten duzuenez ez da bat ere gaizki moldatzen.

Emakumeen txanda izan zen segidan, eta Alaine Larrartek eta Naroa Mujikak 23-30 galdu zuten Kamile Mendizabal eta Uxue Iturberen kontra. Eta bigarren partidan, Paule Fernandezek eta Maddi Amundarainek partida estu eta larri batean 30-29 irabazi zien Iradi Garagarza eta Ianire Iturberi.

Hau izan da II. Ametsa Xare Irekiaren lehen jardunaldiak eman duena.

Bigarren jardunaldia maiatzaren 13an, ostirala, 17:30ean, eta maiatzaren 15ean, igandea, 12:00etan izango da. Astean zehar jarriko dugu egitaraua.





Kommentare


bottom of page