Asteburu honetan sei partida zituzten jokatzekoak Ametsako pilotariek, baina bi partida, arrazoi desberdinengatik, atzeratuak izan direnez, lau partida baino ez dira jokatu, eta horietatik bi irabazi eta bi galduta, jardunaldi gazi-gozotzat har dezakegu asteburu hau.
Lehen partida, Izei Garmendiak eta Ur Aristik (40-15) galdu egin zuten Urruñan.
" Gureak hasieratik hasi ziren galtzen, eta beti abantaila handiz egon ziren galtzen. Hala ere, partida ona jokatu zuten, bikote bezala jokatutako partida onena izan dela esango nuke. Defentsan ondo ibili ziren, eta tanto politak ere egin zituzten" zioen Iñaki Garmendiak.
Igandean, Ametsa trinketean, Ander Mujikak eta Ibai Larrañagak, Hazparneko Noizbait taldeko Jubera-Jauregiberri bikoaren kontra (17-40) galdu egin zuten. Partida honetan ere hazpandarrak irurarrak baino gehiago izan ziren, eta gureak kementsu aritu baziren ere hazpandarren joku erakustaldiaren aurrean ezin izan zuten ezer egin. Hazpandarren biko honek xarean jokatzen jarraitzen badu, urruti iristeko aukera izango du nire ustez.
Jardunaldiari amaiera emateko, bi hitzordu genituen Urruñan igande goizean; hemen, zinez, hobeto joan zitzaigun eguna, jokatutako bi partidak irabaziz.
Lehen partidan, Unaik Gibelalde eta Oier Garmendiak (29-40) irabazi zioten Gortari-Dabilly bikoari.
" Hasieran Urruñarrak oso fuerte hasi dira, eta sakearekin min egin zien irurarrei, 8-1 aurreratuz; gero, Oierrek tamaina hartu die sakeei, eta Unaik sakea hartu zuenean ere, min egi zuen, eta tantoak bukatzen ere oso ondo ibili dira biak. Konfidantza handiz eta oso ondo moldatu dira elkarrekin" zioen Iñaki Gibelaldek.
Eta bigarren partidan, Xuban Lopetegi eta Aitor Aristi bikoak 34-40 irabazi zion Urruñako bikote berari, Gortari-Dabilly bikoari, alegia.
"Errazago irabazi beharreko partida zen. Partida osoan aurretik izan ziren Xuban eta Aitor; 10 tantuz ere bai. Gero, bi tantutara hurbildu zitzaizkien aurkariak, eta partida ixtea lortu bazuten ere, uste baino zertxobait gehiago kosta izan zitzaien" zioten Joxi Lopetegik eta Joxi Aristik.
Comments