Ametsa Pilota Elkarteko pilotariek garrantsitsuak izango diren partidak jokatuko dituzte asteburuan.
Larunbatean, ekainaren 1ean, Espainiako Xare Txapelketari dagozkion finalerdiak izango dituzte jokoan Iruñeako Mendillorriko trinketean eta Irurako Ametsa trinketean.
Lehen partidan, Ametsako Zabalegi-Iturbe bikoak Auñamendi taldeko Hualde-Erro bikoaren kontra jokatuko dute, Iruñeako Mendillorriko trinketean, 18:00etan.
Gureak faborito dira; oso bolada onean daude, eta lan bikaina egiten ari dira denboraldi amaiera honetan. Hala ere, ez dituzte aurkari errazak izango Auñamendikoak; hauek ere goraka egin dute jokoan, eta aurkari zailak izango dira. Lehia estua eta parekatua aurreikusten da.
Bigarren partidan, Mendizabal-Mujika bikoak, Behar Zanako Lopetegi I-Moncada bikoaren kontra jokatuko dute, Irurako Ametsa trinketean, 16:00etan. Hemen Joxi Lopetegi eta Sebas Moncada dira faborito nagusiak. Bestelako emaitzik emango balitz, ezusteko ikaragarria izango litzateke. Baina hori ere gerta liteke, pilota borobila dela esan ohi da eta.
Igandean, berriz, EHko Xare Txapelketaren, ligaxkako 4garren eta azken jardunaldia izango da jokoan.
Igandean, ekainaren 3an, 11:00etan, Urruñarrak B taldeak, Ametsako Zabalegi-Oier bikoaren kontra jokatuko dute. Gureek etxeko lanak egin dituzte, eta galdu edo irabazi, finalean izango dira; multzoko lehen postua eurenganatuta dutelako.
Eta bigarren partida, 11:30ean, Iruran, Ametsako Gibelalde-Heras bikoak, Urruñarrak C taldearen kontra jokatuko dute. Faboritoak dira Unai eta Aimar; Urruñakoek ez dute partidarik irabazi, eta Unai eta Aimar ondo jokatzen ari dira, eta, gainera, badirudi Unai ondo errekuperatu dela bere besoko lesiotik. Horrela bada, hauek ere finalean izango dira; galtzen badute, berriz, Julen eta Oierren emaitzaren zain geratu beharko dute. Kasu honetan hiruko berdinketa emango litzateke bigarren posturako, eta tanto aberageak erabakiko luke bigarren postu hori. Hori gerta ez dadin Unaik eta Aimarrek etxeko lanak egin ditzatela eta kitto.
Zorte on denei!
Comentários