Ostiral iluntzean jokatu zuten partida on eta lehiatu batean, 40-37 irabazi zioten Unai Gibelalde eta Ander Calonge bikoari. Ander eta Aimar eroso aritu ziren ia partida osoan; markagailuari begira eroso aritu ziren, eta partida goitik behera dominatu zuten azken hamarkada arte. Eta hori, Unaik eta Anderrek azken unera arte ez zutelako inoiz amore eman izan zen, eta gutxi falta izan zen partida irabazteko; azken zati honetan tantu bakar batera (36-35) jartzea lortu zuten, eta baita Ander eta Aimar urduri jartzea ere, baina azkenean urak bere onera etorri ziren, eta hauek arnasa lasai hartu ahal izan zuten, partida irabaztea lortuta. Ondorioz, Ander Mujikak eta Aimar Herasek Gazteak mailako Udaberriko Xare Txapelketaren finala jokatzeko txartela lortu zuten. Unaik eta Anderrek hurrengo partidaren emaitzaren zain geratu behar izan zuten, finalerdietara sailkatzen ziren edo ez jakin ahal izateko.
Partida hori, Oier Garmendia- Xuban Lopetegi eta Ibai Larrañaga-Aitor Aristi bikoen arteko norgehiagoka zen. Aurreko partidaren emaitza jakinda, Oierrek eta Xubanek, partida galduta ere finalerdietarako sailkatuta zeuden, eta lasai antzean joka zezaketen, presiorik gabe, ez zuten ezer jokoan eta. Ibai Larrañagak eta Aitor Aristik, berriz, presio handia zeukaten, bai ala bai, irabazi beharra zeukatelako. Irabaziz gero, finalera zuzenean sartuko ziren, eta galduz gero, berriz, kanporatuak geratuko ziren. Hala ere, lau pilotariak euren onena eman zuten, eta bikain aritu ziren, eta erritmo ikaragarrian jokatu zuten, eta tantu ikusgarriak ikusi ahal izan genituen. Tantu luze eta gogor asko jokatu zituzten partidaren hasera horretan, eta hori ikusita, azken zatian norbaitek erori beharra zeukala aurreikusten zen, eta horrelaxe izan zen; azken zatian, Ibaik eta Aitorrek zertxobait jaitsi zuten euren maila, eta Oierrek eta Xubanek azken zati horretan lortu zuten markagailuan alde txiki bat hartzea, eta partida 40-34 irabaztea. Ondorioz, hauek, Oierrek eta Xubanek, finalerdia jokatuko dute, partida amaiera arte estu eta larri egon ziren Unai Gibelalde eta Ander Calongeren kontra.
Comments