Ostiral iluntzean jokatu ziren, mukuru beteta zegoen Ametsa trinketean, kozkortuen mailako, emakumezko zein gizonezko, xareko Gipuzkoako Txapelketako finalak.
Maddi Amundarain eta Ianire Iturbe, emakumezkoen mailan, eta Oier Yarza eta Ander Calonge, gizonezkoen mailan izan ziren irabazle, Paule Fernandez- Uxue Iturbe eta Ekhi Gibelalde -Ibai Larrañaga bikoei, hurrenez hurren, irabazita.
Emakumeen partida oso lehiatua izan zen, eta, hasera-haseratik, bi bikoteek irabazi egin nahi zutela agerian geratu zen. Haserako urduritasunak uxatuta, heuren jokoa egiten hasi ziren, eta oso ondo jokatu zuten lau pilotariek. Markagailua ere oso orekatua izan zen partida osoan zehar, berdinketa ugarirekin, eta azken momentura arte ez zen erabaki.
Azkenean, Maddik eta Ianirek 35 eta 32 irabazi zieten Paule eta Uxueri.
Gizonezkoen partidak ikusmin handia sortu zuen irurarren artean, etorkizun handiko lau xare jokalarik aurrez-aurre aritu behar zutelako, eta irurarren erantzuna ere halakoxea izan zen; trinketea betez.
Partida hasera orekatua eta zirarragarri izan zen, eta tantu zoragarriak ikusi genituen. Lau pilotariek ondo baino hobeto jokatzen ari ziren, baina partida erditik aurrera, Oier Yarzak eta Ander Calongek berean jarraitu zuten bitartean, Ekhi Gibelaldek eta Ibai Larrañagak, tantu batzuk atzetik jarri zirenean, heuren errendimenduan behera egin zuten, eta partidatik atera egin ziren. Azkenean, Oierrek eta Anderrek 35 eta 22 irabazi zieten Ekhiri eta Ibairi.
Amaitzeko, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko, Udaletxeko eta Ametsa Pilota Elkarteko ordezkariek emandako sariekin eman zitzaion amaiera jaialdiari.
Eskerrak eman irurarrei emandako erantzun bikainagatik. Zorionak!!!
Comments