Oier Garmendiak-Ander Calongek eta Unai Gibelaldek-Ibai Larrañagak ez dute hutsik egin, eta igandean jokatutako Iparraldeko 23-24 Neguko Xare Txapelketako azken aurreko partida guztiz garrantzitsuak irabazi egin dituzte.
Oierrek eta Anderrek bi partida zituzten Urruñarrak taldeko bikoen kontra, eta bigarrenean ligaxkako lehen postua zuten jokoan.
Lehenean, Oliveira-Duperou bikoaren kontra, gure pilotariek estuasunik gabe(25-40) irabazi zuten. Bigarren partidan, atzeratutako partida zen eta arestian esan bezala, multzoko lehen postua, eta final-laurdenatarako zuzenean sailkatzea zegoen jokoan. Arrizabalaga-Hiriart, Urruñako bikoa zen aurkari izatekoa, baina Hiriart ondo ez zegoela eta, ordezko batekin jokatu zuen Arrizabalagak, eta, gainera, aurrelari izanda, atzelari jokatu zuen. Abantail txiki hori izan bazuten ere, oraingoan ere, bikain arituta, konfidantza osoz, Oierrek eta Anderrek erraz (21-40) irabazi zieten Urruñarrei. Ondorioz, lehen postua eta final-laurdenetarako zuzenean sailkatu dira. Gainera, final-laurdena Iruran jokatzeko eskubidea ere lortu dute. Bikain!
Unai Gibelaldek eta Ibai Larrañagak ere ez zuten hutsik egin, eta Noizbait taldeko Noblia-Jauregiberri bikoari(32-40) irabazi egin zioten, Hazparnen. Partida ona jokatu omen zuten lau pilotariek. Hala ere, Unaik eta Ibaik tantu onak egiteaz gain, oso ondo jokatu omen zuten, eta partida beti kontrolpean izan omen zuten.
Garaipen honekin, eta datorren asteburuan jokatuko duten azken jardunaldiko partida irabazita, final-laurdenetako sailkatzeko kanporaketa etxean jokatuko lukete, eta hori irabaziz gero, final-laurdenetako partida ere Iruran jokatzeko aukera izango lukete.
Zorionak denei, eta aurrera!
댓글