top of page

AMAIERARIK ONENA!


22-23 xare denboraldiari amaiera bikaina eman genion larunbat arratsaldean, Irurako Ametsa trinketean.

Xare-eskola amaitzeko, III. Ametsako Pilota Xare Txapelketa antolatu genuen Ametsa Pilota Elkartekook, eta, atzo, ekainak 17, finalak jokatu ziren lau maila desberdinetan.

Ikusmin handia sortu zen herrian final horiek ikusteko, eta hori argi eta garbi ageri zen lehen partida jokatzen hasteko, trinkete atarian zegoen giroa ikusita. Arratsaldeko 4etan eman zitzaion hasera jaialdiari, eta lehen partida, emakumezkoen mailan, Sarak eta Paulek 2-1( 5-12/12-10/5-0)irabazi zieten Alaine eta Martinari. Lehen jokoa Alainek eta Martinak, joko ona erakutsiz, erraz (5-12), irabazi zuten; Alaine eta Martina bikain hasi ziren, eta Sara eta Paule, berriz, urduri, baina bigarren joku estua(12-10)irabazi eta gero, kittako jokoan, kirioak uxatuz, Sara eta Paule Alaine eta Martina baino gehiago izan ziren, eta kittako jokoa (5-0) irabazita, txapelketa irabazi zuten.

Bigarren partida ere, aurreko honen errepikapena izan zen bai emaitzari bai jokuari dagokionean. Haritzek eta Enaitzek 2-1 (8-12/ 12-6/5-3) irabazi zieten Adeiri eta Izeiri. Haritz eta Enaitz oso urduri hasi ziren, eta Adei eta Izei, gazteagoak izanagatik, plaza gizonak direla erakursi zuten, eta lehen jokoan ezustekoa emanez, 12-8 irabazi zuten. Bigarren jokoan, urak bere onera ekarri zituzten Haritzek eta Enaitzek, eta jokoa 12-6 irabazi zieten Adeiri eta Izeiri, kittako jokoa jokatzera behartuz; honetan, lau pilotariak buru-belarri aritu ziren, baina, azkenean, Haritzek eta Enaitzek 5-3 irabazi zuten kittakoa, eta euren mailako txapelketa irabazi zuten.

Jaialdiko hirugarren partidak ere ikusmin handia piztu zuen xarezaleen artean, baina, zoritxarrez, ez zion sortutako ikusmin horri erantzun.

Ekhik eta Anderrek partida borobila jokatu zuten, eta ia hutsik egin gabe, 2-0(15-8/15-5), irabazi zieten Unairi eta Oierri. Hauek, ez zuten euren mailarik eman, eta, ondorioz, Ekhi eta Ander eroso aritu ziren, bigarren mailako txapelketa irabaziz.

Lehen mailakoa, espero bezala, estuagoa eta lehiatuagoa izan zen; lehen jokoa Julenek eta Aimarrek, oso joku ona eginez, 15-12 irabazi zuten; bigarrenean, Oier Maiza eta Oier Iturbe, jokoan sartu ziren, eta 15-6 jokoa irabazita, kittakoa jokatzera behartu zituzten Julen eta Aimar. Honetan, berriro, Julenek eta Aimarrek lehen jokoko maila berreskuratu zuten, eta 10-5 irabazita, 1. mailako III. Ametsa Pilota Xare Txapelketa irabazi zuten.

Jaialdiari eta 22-23 xare-eskolari amaiera emateko, Ametsa Pilota Elkarteko eta Noelia Lataburu eta Olaia Nieto, udal ordezkariek, sariak eta oroigarriak eman zizkieten Txapeldunei, txapeldun-ordeei eta 22-23 xare eskolan parte hartu duten guztiei.

Egunari eta xare denboraldiari amaiera borobila emateko, 22-23 xare-eskolako familia argazkia eginda eman genion amaiera.

Zorionak eta eskerrik beroenak, bihotz-bihotzez, hau guztia egia bihurtzeko laguntza ematen duzuen guztiei!

23-24 xare denboraldian espero zaituztegu!

Ametsa Pilota Elkartea


Comments


bottom of page